Jon Mendiluze, Legazpiko Gabonetako xake txapeldun
Atzeratuta jokatu dute txapelketa, aurreko igande arratsaldean, Santikutz Xake elkarteak antolatuta.
Legazpiko Santikutz Xake elkarteak urte amaierako oporretarako zuen iragarrita Gabonetako xake txapelketa, baina hainbat arrazoi tarteko, aurreko asteburura atzeratu behar izan zuen. Azkenik, igande arratsaldean jokatu zen, hilaren 11n, Euskal Herria plazan, eta Jon Mendiluzek irabazi zuen. Bigarren postuan Jon Urtzelai sailkatu zen, eta hirugarrenean, Aimar Lezeta. Partaideak, berriz, hamarretik gora izan ziren, haur eta heldu.
Santikutz klubaren barruko txapelketa izan zen, eta bertan biltzen diren xake jokalariei pizgarri bat emateko helburua zuen. Izan ere, geroz eta gehiago dira Legazpin xakea jokatzen ikasi nahi dutenak edo jokoa hobetu nahi dutenak, eta azkenaldian «klubean mugimendu polita dago», arduradunek adierazi dutenez.
Astearteak eta ostiralak
Hala ere, gazte gehiago erakartzeko gogoz daude Santikutzekoak, eta horiei zuzenduta, baita helduei ere, astearteetan eta ostiraletan izaten dira klaseak, 18:45etik 20:00ak bitartean. On line klaseak ere ematen dituzte. Klubak Bikuña futbol zelaiko instalazioetan du egoitza, eta aipatu ordutegian ateak irekita izaten ditu, edonorentzat.
Santikutz klubeko jokalari adituagoak, bestalde, lau taldeetan banatuta Gipuzkoa mailako hainbat txapelketa lehiatzen ari dira.