Betea dator txirrindulari urtea
Errepideko euskal denboraldia otsailaren 26an hasiko da. Amateur gizonezkoen bi lehiaketak bi garaitan banatu dituzte. Emakumeetan, juniorrak eta irekia batu dituzte.
Euskadiko Txirrindularitza Federazioak abenduan onartu zuen 2022rako lasterketen egutegia. Hego Euskal Herrirako bateratua izango da, bost federazioen eta antolatzaileen «elkarlanean» egituratu baitute junior, 23 urtez azpiko eta elite mailetako karrera zerrenda, izan emakume, izan gizonezko.
Gizonezko afizionatuetan berritasun handi bat txertatu dute. Euskal federazioak bi txapelketa antolatuko ditu aurten ere –Euskaldun eta Lehendakari–, baina orain arte bezala astez aste txandatu beharrean, urtea bi garaitan banatu dute: Euskaldun Txapelketa otsailetik ekainera lehiatuko dute, eta, ondoren, Lehendakari ekainaren bukaeratik irailera arte.
Amateurren denboraldia otsailaren 26an hasiko da, Zumaian, eta Zaldibian jokatuko da azkeneko proba, aurten atzera berreskuratuta, irailaren 18an. Bi lehiaketetan, iaz garatu zen Abiatzen txapelketaren araudi berdina izango dute; talde bakoitzari eliteko bi txirrindulari baimenduko dizkiote, probako.
Nesken hiru maila, batera
Emakumezkoetan ere aldaketa nabarmen bat badator. Orain arteko lau kategoria (kadeteak, juniorrak, 23 urtez azpikoak eta eliteak) bi mailatan banatuko dituzte. Batetik, kadeteek euren lasterketak izango dituzte; bestetik, junior, 23 azpiko eta eliteek txapelketa bakarra osatuko dute. Hala ere, juniorrek beren lasterketa propioa izan ahalko dute. Antolatzaileen esku geratuko da hiru modalitateetatik zein karrera mota antolatu: orain arteko kadete edo junior-irekia; edo kadete, junior edo irekia lasterketa banatan bereizita.
Juniorren kasuan, Hegoaldeko lau herrialdeetako Euskal Herria Txapelketa Durangon hasiko da, apirilaren 14an; kadeteen Gaztetxoak Txapelketa, apirilaren 3an Abadiñon. Euskal Herriko Txapelketak, berriz, emakumeena Azpeitian da (maiatzak 29), gizonena Natxituan (maiatzak 8), juniorrena Mendatan (ekainak 18) eta kadeteena Markina-Xemeinen (ekainak 4).
Euskal egutegia 2022
GIZONEZKO AMATEURRAK
Euskaldun Txapelketa. Zumaian hasiko da, otsailaren 26an. Bukatu, ekainaren 18an Tolosan. Guztira, 17 lasterketa.
Goierrin lau karrera puntuagarri jokatuko dira: Lazkaoko Proba (apirilak 30), Loinatz Proba Beasainen (ekainak 4), San Martin Proba Ataunen (ekainak 5) eta San Joan Sari Nagusia Seguran (ekainak 12).Lehendakari Txapelketa. Ekainaren 29an Irunen hasi eta irailaren 18an Zaldibian bukatu, 16 lasterketa denera.
Goierrikoak bi dira: Zegaman San Bartolome Saria (abuztuak 27) eta Zaldibiako Sari Nagusia (irailak 18).EMAKUME AMATEURRAK
Euskaldun Txapelketa. Martxoaren 6tik (Zaldibar) abuztuaren 20ra (Sopela), 15 lasterketa.
Goierrin, bakarra: Segurako Proba (martxoak 26).HARROBIKOAK
Euskal Herria (juniorrak). Apirilaren 14tik (Durango) ekainaren 4ra (Segura). Bost karrera, Goierrin Segurakoa bakarra.
Gaztetxoak (kadeteak). Apirilaren 3tik (Abadiño) uztailaren 2ra (Tolosa). 4 karrera, Goierrin 0.