Elurra kentzeko protokoloa gogorarazi eta makinista aldatu dute Zaldibian
Elurteen aurrean herriko bideak eta errepideak garbitzeko jarraibideak eguneratu ditu udalak. Aimar Garmendia ariko da zeregin horretan, erretiroa hartu zuen Joxe Mari Garmendiaren partez.
Elurra egiten duen egunetan herriko bideak eta errepideak garbitzeko jarraibideak eguneratu ditu Zaldibiako Udalak. Zenbait berritasun egin dizkiote urteroko protokoloari. Traktore-gidari berria ariko da aurrerantzean udalarentzat elurra kentzen, Aimar Garmendia Sukia zaldibiarra, orain arte zeregin horretan jardun den Zuhaztiko Joxe Mari Garmendiak erretiroa hartu baitu.
Bideak garbi mantentzeko, aste eta jai lan egiteko ardura hartu du Garmendia makinistak. Bere traktoreari lotuko dizkio udalaren pala eta aurten erosi den gatza banatzeko makina. Azken gailu hori Berri Lantegitik erosi du udalak, 11.828,56 euro eta dagokion BEZa ordainduta.
Bideen ordena
Elurra egiten duenean, baserri-bideen garbiketarako ordena zehaztuta dago. Egileor auzoan Ausoegitik behera hasiko da makina, eta ondoren Urtsuerreka, Urreta, Olaeta, Arruegi, Urtesabel, Elbarrena, Miranda-Okobio eta Aiestaran-Erreka auzoetan segiko du, lehentasun horiekin.
Bien bitartean behar berezirik sortzen bada, baserritarrei udaletxera deitzeko eskatu diete, ez zuzenean makinistari.
Kaleak eta espaloiak elurrez garbitzen, berriz, aste egunetan udal langileak ariko dira. Asteburuetan, herriko bide nagusiak eta baserri bideak bakarrik garbituko dira. Gatz zakuak utziko dituzte, bestetik, behar duten herritarrek hartzeko, Artxanberriko biltegi ondoan eta Bilore alboko lokalean.