Geroz eta zitriko arbola gehiago
Zuhaitzak landatzeko eta txertoak egiteko garaian gaude, erretxina salgai da. Arkumearen salmenta gorabeheratsua izaten ari da; bere onera itzuli da berriz.
Goiz hotza baina izotzik ez eta, bezperakoarekin konparatuz, eskertu zen zerotik 3 gradu gora termometroa ikustea goizen goizetik.
Zuhaitzak landatzeko garaian gaude. Saltzailerik ez Ordizian. Azken urteetan etortzen zirenak adinean aurrera edota salmenta modua aldatu delako etortzeari utzi diote. Orain mintegietara propio joaten da eroslea. Aldiz Ordiziako Nekazal Kooperatiban, Sindikaton, hasi dira zuhaitz landare batzuk ekartzen. Ugaritu ahala, zehatzago aipatuko dugu. Txertoak egiteko garaia ere bada. Erretxina salgai du Arantxa Zurutuza Aramakoak. Nola egin etxean aitarekin eta aitonarekin ikasi zuten eta formula bera erabiliz urtero bezala salgai jarri du 12 € kilo erdiko potea 6,5€ laurdena.
Geroz eta jende gehiagori entzuten zaio etxean limoi edo laranja arbolak dituenekoa. Fruitu asko biltzen dituzteneko urteen berri ere ematen dute. Arantxa Lopategik esate baterako limoi ederrak eta asko ekarri zituen iaz plazara saltzera. Aurten atzo lehenbizikoak «aurten iazko erdiarekin konformatu beharko dugu, baina arbola bakarra izateko ezin kexatu». Bi zuhaitz erosi omen zituen orain dela 8 urte feria berezi batean eta horietako baten fruituak dira 2 euroan kilo saltzen dituenak.
Lore postuetan pentsamentua eta biola dira nagusi, baina ez bakarrak. Atzo loretzen hasitako kameliak salgai zituen Azanza lorezaleak 12,5 € bakoitza. Bestalde lehen Japoniako Cydonia adarrak salgai zituenJuanita Murgiondo Mutiloarrak. Negua argitzeko lore koloretsuak oso eskertuak izaten dira.
Arkume denboraldia
Arkume salmentarik azken urteetan Ordizian ez bada ere, Larsabik (Latxa ardiaren salmenta eta bilketaz arduratzen den elkartea) emandako informazioan oinarrituta prezioaren berri eman izan dugu. Aurten Eguberritako salmenta ez da nahi bezala joan. Merkatua gelditu egin zen. Ezarri ziren debekuak tarteko otordu asko bertan behera gelditu ziren. Arkume asko izozkailuan sartu beharrean izan dira. Denboraldia aurrera doan neurrian egoera bere onera itzuli da eta aurreko urteko prezio bertsutan ari da saltzen: 3,10 euro inguruan kiloa bizirik pisatuta.