«Korrika berreskuratu izana mesedegarria da euskararentzat»
Korrikak Goierri zeharkatzea herritarrek egingo dute posible. Herrietako batzordeak koordinatuko dituen arduraduna Aguado ordiziarra (1998) izango da. Apirilaren 8a egun ederra izango delakoan dago.
22. Korrikak ohiko formatua izango al du?
Printzipioz, hala izango da. Egia da COVIDa dela eta beste aukera batzuk tanteatzen ari direla baina espero dezagun beharrik ez izatea.
Herritarrak Korrikarako gogoz nabari dituzue?
Egoera ez da aproposena, baina batzordeak zehazteko garaian egindako aurre-lanketan jasotako erantzuna positiboa izan da. Horregatik, espero dut jendea animatuko dela. Denon artean, apirilaren 8a Korrika egun polita izango da.
Antolaketa lanak nola doaz?
Behin ibilbidea eta ordutegia aurkeztuta, batzordeak martxan jarri nahi ditugu. Herri bakoitzean egingo diren egitaraua antolatzea da helburua. Baita ere, girotze lanak: kartelak jarri, deialdiei zabalkundea eman… Lehen bileretako deialdiak eginda daude: Itsasondon, Araman, Altzagan, Gabirian, Legorretan eta Gaintzan jada egin dituzte; Seguran eta Ordizian gaur izango dira; eta gainerako herrietan, datozen egunetan. Joaterik ez duenak 688 647 159 telefonora edo goierri@korrika.eus helbidera idatzi behar du.
Batzordeetan parte hartzeko prestakuntzarik behar da?
Gogoa besterik ez da behar. Gazteei zabaldu nahi diet deia, bereziki. Antolaketa lanetan dabilen jendea helduagoa da, orokorrean. Badirudi gazteei gehiago kostatzen zaiela. Baina bakoitzari ahal duen denbora besterik ez diogu eskatzen. Asmoa hiruzpalau bilera egitea da.
Korrika Laguntzailearen figura ere hor dago. Zer da?
Korrika laguntzaileek hamabi euroko ekarpena egingo dute Korrikaren alde. Trukean, txartel bat jasoko dute. Txartel horrek astero egingo diren zozketetan parte hartzeko aukera ematen du, Korrikako ekimenetan lehentasuna eta merkeago izatea ahalbideratzen du, AEKko ikastaroetan deskontuak… Online egin daiteke, korrika.eus webgunean, edo herrietako batzordeetan, modu fisikoan.
Korrika Laguntzaileaz gain Korrika Laguna ere badago.
Korrika Laguna establezimenduei bideratuta dago. Donazioak egiteko aukera izango dute eta Korrika babesten dutela erakusteko euskarriak jasoko dituzte.
Nola egin behar dohaintzak?
Ekarpenak edonork egin ditzake: norbanakoek, taldeek, establezimenduek… Korrikaren izenean Laboral Kutxan zabaldutako kontu korrontean –ES70 3035 0072 02 0720037810– edo Bizum bidez egin daitezke. Horretarako aplikazioaren Eman izeneko atalean sartu eta hor dagoen bi latzailean Korrika bilatu behar da. Ziutagiria nahi duenak ekarpenak@korrika.eus helbidera idatzi behar da.
Beasainen Korrikako denda ere zabaldu duzue.
Kale Nagusiko 12. zenbakian, ostiraletan 17:00etatik 19:30era eta larunbatetan 10:30etik 13:00etara dago zabalik. Kamisetak, jakak, jertseak, botilak… eros daitezke. Petoak, baita ere. Korrikarekin bat egin dela eta euskara ikasi, hitz egin eta euskaraz bizi nahi dugula erakusteko biderik identifikagarrienak dira.
Eta kilometroak ere saltzen dira? Kilometro bat nahi duenak zer egin behar du?
Aurreko edizioetan kilometroren bat erosi duten entitateekin jadaharremanetanjarrigara.Beraiek dute lehentasuna, baina nahi duen orori dago zabalduta. Interesa duenak Korrikako arduradunekin jarri behar du harremanetan.
Hitzekin da aurtengo leloa.
Hitzak eta ekintzak uztartu ditu leloak. Gainera, datorren urteko Euskaraldiaren izenburuarekin lotu dute: hitzez egiteko garaia. Bi kasuetan, hitzari eman nahi zaio garrantzia. Zergatik? Gehiago edo gutxiago jakin, hitz egitea delako garrantzitsuena. Hizkuntza, jakiteaz gain, erabili egin behar da. Ekin egin behar da. Hitzetatik, ekintzetara. Praktikara.
Pandemiak nola eragin dio euskarari?
Askok euskaraz hitz egiteko aukerak galdu dituzte. Horregatik, Korrika bezalako ekimenak berreskuratzea mesedegarria da euskararentzat. Gutxienik, ikusgarritasuna emateko.
Euskaraldiaren inguruan ere lanean aritu zinen.
Ni ez naiz AEKko langilea. Euskaraldian ere laguntzen aritu nintzen eta Korrikako koordinatzaile izateko aukera eskaini zidaten. Eta, aurrera.