Oiangu krosa bueltan da
Txindoki Atletismo Taldeak iragarri du otsailaren 13an egingo dutela Oianguko kros lasterketa.
Ordiziako Oiangu parkeak Txindoki Krosa hartuko du berriro, hala zabaldu du probaren antolatzaile den Txindoki Atletismo Taldeak. Iragarri dutenez, otsailaren 13an, igandean, izango da. Beraz, data seinalatua izango da hori, krosaren esentzia bizi nahi dutenentzat.
Baita eskolartekoak ere
Momentuz ez dute xehetasun gehiegirik eman. Zabaldu duten informazioaren arabera, helburua da eskolartekoen –benjamin, alebin eta infantil– probak mantentzea. Dena den, COVID-19aren testuinguruak zein norabide hartzen duen zain daude, gaztetxoenen probak egingo diren edo ez baieztatzeko.
Federatuek, sei kategoriatan parte hartu ahalko dute; 16,18, 20 eta 23 urtez azpikoak, seniorrak eta masterrak.
Eguna gerturatu ahala, probaren inguruko xehetasun gehiago emango dituztela adierazi dute Txindoki Atletismo Taldetik.