Legazpiko txistulariak Madrilera, Euskal Etxeak gonbidatuta jotzera
Euskal Herritik kanpo egiten duten lehen irteera izango dute Goiz Deia taldekoek. Iñaki Mendinuetarekin hasitako elkarlanaren emaitza da.
Legazpiko Goiz Deia txistulari taldea Euskal Herritik aterako da lehen aldiz asteburu honetan. Madrilen joko du, hango Euskal Etxeak gonbidatuta eta Oñatiko Aita Madina taldeko txistulari batzuk lagunduta. Legazpiko jatorria duen Iñaki Mendinueta txistulari madrildarrarekin iazko abuztuan abiatutako elkarlanaren lehen emaitza da kontzertu hau.
Legazpira etorrita zela baliatuz, Goiz Deiakoekin jarri zen harremanetan Mendinueta abuztuan, eta txistulariek Brinkolako kalejiran parte hartzera gonbidatu zuten. Han sortu zen legazpiarrek Madrilen jotzeko aukera, eta Mendinuetak posible egin du Euskal Etxearekin duen harremanari esker. Txistulariek hiriko erdigunean dagoen San Ignazio elizan joko dute, euskaldunen elizan, bihar 19:00etan, bertako orfeoiarekin batera. Hurrengo egunerako Euskal Etxeak antolatutako San Sebastian inguruko ospakizunetan ere parte hartuko dute.
Euskal Herritik kanpo ibiliak dira aurretik Goiz Deiako txistulariak, dantzariekin batez ere, baina talde gisa egiten duten lehen irteera izango da. Gogoz eta pozik daude asteburu berezi honetaz gozatzeko, eta aurrerantzean antzeko aukera gehiago izatea espero dute.