Buztintegi elkarteak herri osoarekin ospatu nahi du bere 25 urteurrena
Elkarteko bazkideen arteko joko txapelketa antolatu du, hasteko. Herriko beste erakundeetako ordezkariekin jokatuko dute gero irabazleek. Gizarte Zentroan ia jardun guztiak daude martxan
Jubilatuen eta pentsionisten Buztintegi elkarteak 25 urte bete zituen iaz, baina COVID-19ak ez zion utzi urteurrena ospatzen. Aurten egoera ez da baretu, baina zilarrezko ezteiak ospatuko dituztelakoan daude elkarteko zuzendaritzako kideak. Hala baieztatu du Iñigo Alberdi lehendakariak.
Martxan jarri dira, «ospakizunak herri osora zabaltzeko asmoz». Buztintegi barruko joko txapelketa jarri dute martxan momentuz, eta horiek irabazten dituztenak herriko beste elkarteetako ordezkariekin neurtuko dira. «Herri mailako joko txapelketa izango da, belaunaldi desberdinak eta helburu askotariko elkarteak bilduko dituena».
Buztintegiko txapelketan parte hartzeko hilaren 28ra arte eman daiteke izena. Musa (zortzi erregeetara), tutea, briska, eskoba, seirak, punttua, igela, toka, botea eta xakea dira jokoak.
COVID gabeko gunea
Buztintegik Gizarte Zentroan du egoitza, eta hilabete batzuk itxita egon ondoren, pandemiaren bilakaerak utzi zionean ohiko martxara itzuli zen zerbitzu hori, murrizketak eta segurtasun neurriak ezarrita. «Momentuz ez dugu kasurik izan», Alberdik azaldu duenez. Taberna zabalik dago, eta ia tailer guztiak daude martxan: joste lanak, gimnasia, yoga, pintura, dantza, memoria, ingelesa, informatika eta mendi ibilaldiak. Eskulanak, xakea eta bingoa falta dira, eta bidaiekin aurten hasiko dira berriz.
Iazko uztailaren 31tik abenduaren amaierara 2.393 pertsona pasa ziren jarduera horietatik; 2021ean, 6.683 pertsona. Ez dira zenbaki makalak, baina urte normaletan altuagoak izaten direla azaldu du Alberdik. Pandemiak jende asko beldurtu du, eta «Gizarte Zentroa leku segurua den arren, ez dira etortzen».
Zuzendaritza taldearen lana da tailerrak eta beste jarduerak antolatzea eta kudeatzea. Alberdirekin batera, Javier Fraile, Juan Jose Zubillaga, Asun Arrizabalaga, Maria Jesus Abanda, Angel Alonso, Jose Miguel Galparsoro, Juan Francisco Valbuena, Maria Pilar Badiola, Bernardino Paredes eta Luis Mari Murua ari dira bertan lanean.
Maskarak erosteko aukera Gizarte Zentroan
Buztintegi elkartearen bitartekaritzari esker, FFP2 maskarak eta maskara kirurgikoak daude salgai Legazpiko Gizarte Zentroan.
FFP2 maskarak, bost aleko poltsan, 1,5 euroan daude salgai, eta bi erosiz gero, 2,50 euroan. Maskara kirurgikoen prezioa hau da: hamar aleko poltsa 0,75 euro (bi poltsa erosi behar dira gutxienez, eta zortzi erosiz gero, 5 euro dira. Buztintegiren bulegoan erosi daitekez, 09:00-11:00 artean.