«Gazteak pobretzen ari gara eta politikariek ez gaituzte salbatuko»
Gazte Koordinadora Sozialistak manifestazioak deitu ditu urtarrilaren 29rako, Bilbon eta Iruñean. Goierriko kideek ere mobilizazioetan parte hartzeko deia egin dute.
Urtarrilaren 29rako manifestazioak deitu dituzue Bilbon eta Iruñean.
Iruditzen zaigu bankarien, enpresarien eta politikari profesionalen boterearen aurka egiteko momentua dela, gehienbat pobreziara eta askatasun ezara kondenatzen gaituztelako. Ikusten dugu GKS-k, sortu zenetik, horrelako dimentsioak hartuko dituen lehenengo mobilizazioa dela hau, eta horrek garrantzia handia hartuko du, erakutsiko duelako urte hauetan guztietan metatzen joan garen indarra.
Orain arte eskualde eta herri mailako ekintzak antolatu dituzue, baina hau inflexio puntu bat izango dela uste duzue?
Bi mobilizazio hauek kokatzen ditugu, gazte proletarizazio dinamikaren baitan, horregatik, asanblada ireki batzuk egiten hasi ginen. Horrez gain, informazio puntuak jarri ditugu hainbat herritan. Iragan asteburuan eskualde mailan egin genituen ekintza sorta ere aipatu behar da: grafiti tailerrak egin ditugu Ordizian eta Beasainen; gazteon bizi-kalitatearen gainbeheraren inguruko hitzaldia eman genuen Urretxun; eta binakako duatloia, Ataunen. Aipatu, ekintza hauek izan duten erantzuna oso ona izan dela, jende askok parte hartu zuela, eta hortik ateratzen dugun ondorioa da, Goierriko gazteengana ere iristea lortu dugula.
Eta orain arteko lana, larunbateko deialdiarekin borobilduko dugu.
Zein testuingurutan iristen dira larunbateko mobilizazioak? Zein da egiten duzuen irakurketa?
Mobilizazio hauek ulertu behar dira, krisi testuinguru bati erantzun bat bezala. 2008tik luzatzen ari den krisia da, eta oraindik gainditu ez dena.
Krisi testuinguru honetan gaudela ulertuta, burgesiak bere boterea bermatzeko, martxan jartzen ditu ofentsiba politiko eta ekonomikoak. Kapitala pilatzeko eta etekinak areagotzeko ezintasunak medio, burgesiak hainbat mekanismo jartzen ditu martxan, alde batetik, oinarri ekonomikoa izan dezaketenak (bizitzaren garestitzea, soldaten jaitsiera, hau da, eta beste alde batetik neurri ekonomiko horiek sostengatzeko oinarri politikoa duten ofentsiba (langileon askatasun politikoen urraketa esaterako).
GKS-eko kideek ikusten duguna da, bi ofentsiba hauen artean lotura bat dagoela; ezin dira ulertu isolatuki.
Ofentsiba ekonomiko gisa ulertzen dugu, soldaten jaitsiera edo bizitzaren garestitzea, eta horren adibide da, duela egun gutxi, A-636 errepidean kobratzen hasi diren dirusaria.
Kontutan izan behar da askatasun politiko eza ematen ari den momentu batean gertatzen dela hori, adibidez biltzeko eta elkarretaratzeak egiteko zailtasunak dauden momentu batean, eta ofentsiba ekonomikoari aurre egiteko, langile klasea babesgabetuta aurkitzen da.
Beste indar batzuekin identifikatuta sentitzen zarete?
Langile klasearen antolakuntza independiente baten aldeko apustua egiten dugu. Politika eta instituzio burgesetatik at antolatzen den proletargoarekin lerratzen gara. Langileek bere egunerokoan dituzten arazoei irtenbideak bilatzeko, antolatzearen alde gaude.
Zein da larunbaterako egin duzuen deialdiaren helburua?
Krisi egoera batean gaudela ulertuta, eta langile klasea pairatzen ari den ofentsiben aurrean, mobilizazio jendetsu bat egin nahi dugu, hasitako dinamikaren baitan. Uste dugu, ofentsiba horien aurrean borroka egitea guztiz beharrezkoa dela, eta langileek, beste gizarte eredu bat eraikitzeko, zapalkuntzarik gabeko gizarte bat eraikitzeko, alegia, baldintzak eta baliabideak eskuratzen joan behar duela.
Zeintzuk izango dira aldarriak?
Gazteon pobrezia handitzen ari dela eta politikariek ez gaituztela egoera horretatik aterako. Nazkatuta gaude langabeziaz, soldata baxuez, horren ondorioz ezin emantzipatzeaz, oinarrizko baliabideen garestitzeaz, kontrol sozialaz, gazteei egiten zaigun kriminalizazioaz,… Urtarrilaren 29a erabili nahi dugu gure haserrea erakusteko.
Zein da goierritarrei egiten diezuen deia?
Batetik, eskualdeko dinamiketan parte hartzeko gonbita luzatu nahi diegu, eta bestetik, larunbateko manifestazioan parte hartzeko gonbita ere bai, gizarte desberdin bat eraikitzea posible delako.
Manifestazioara joateko autobusak jarri dituzte
Goierriko herri guztietatik antolatu dituzte autobusak Bilbora, eta tiketak salgai daude ondorengo lekuetan: Zalbidian, Illati tabernan; Ordizia, Kirkil tabernan; Beasainen, Xuber tabernan; Ataunen, Troskaeta tabernan; eta Legazpin, Karibe tabernan.