Herri antolamenduaren plangintzan urratsa egingo dute aurten Gaintzan
Arauen aurrerapena teknikoki xehetzen hasiko da udala udaberrian, iazko partaidetza prozesuko oinarrietatik. Baliarrain aldeko bideak berritzea da 2022rako beste nahi bat
Iaz ekindako bidetik, etorkizunari begira jarri nahi du Gaintzak. Hiri Antolamenduko Plangintza Orokorra berritzeko erabakia hartu zuten duela bi urte, eta udalerriaren konfigurazioa, nolakotasuna eta baliabideak zehaztuko dituen agiria xehetzen hasi nahi du udaberrian Gaintzako Udalak. Horixe izango dute urteko egiteko nagusia, «egoerak eta ekonomiak uzten badigute», Gaizka Balerdi alkateak aurreratu duenez.
Arauak berritzeko prozesuan, aurrerapen txostena lantzen hasiko dira. Udal barruko lana izango da nagusi, teknikariek lege-oinarrien arabera gorpuztuko dituztelako herriaren hurrengo hamarkadetako gidalerroak. «Iazko udaberrian herritarrekin parte-hartze prozesua egin genuen, eta orduan azaldu ziren ideiak txertatu, landu eta garatzen joango gara. Nolako herria nahi dugun, baserriak segregatzeko aukera… hori dena aztertuko da».
Abenduan onartu zuen udalbatzak 2022ko aurrekontua, eta HAPOren berrikuntzarako bideratu dute diru sail handiena. «Herria txukun mantentzea» izango da beste lan ildoa. «Ekonomikoki aukera baldin badago, herria txukun mantendu, eta inbertsioak egiteko aukera badugu, egingo dira», dio alkateak. Altzagarate, Baliarrain eta Ibiurko urtegira doazen bideak txukuntzea da egitasmo bat.
Bi langile hartu dituzte
Bestetik, eta urtero bezala Lanbideren bitartez langabezian daudenak kontratzeko politikarekin segiz, udalak kultura dinamizatzaile bat eta peoi bat hartu ditu. Urtarrilaren hasieratik lanean ari dira, ekainera arte.
Dinamizatzailea Gaintzako urte osorako agenda kulturala prestatzen ari da, kontzertuak, hitzaldiak, edota jaiak. Korrika Kulturala izango da aurrenekoetariko bat. «Herritarrak elkartzeko, kontzientzia kultural bat sortzeko, herria bizitzeko eta harremanak sortzeko helburuz antolatuko dira ekitaldiak. Azken bi urteetako egoerarekin hori dena galdu dugu. Ea aurten San Migel jaiak ospa ditzakegun. Herri txikia da, baina beharra eta nahia badago», azaldu du Balerdik.
Peoia herriko langilearekin batera ari da mantentze eta txukuntze lanetan. Udal aurrekontuaren erakusketa publiko aldia bihar amaituko da, eta ondoren onartuko du udalbatzak betiko.












