Vivak: pandemia garaiko musika taldea
Pandemiak formatu txikiko taldeen ugaltzea ekarri du. Horien artean da Urretxu eta Zumarragako Vivak musika taldea. Konfinamenduaren ondoren sortu zen eta urte hasieran lau abesti argitaratu dituzte.
Pandemiak min handia egin die musika taldeei. Hasieran ezin zuten kontzerturik eman eta egun oraindik mugekin ematen dira: musukoa, aforo mugatua… Hala, musikari askok formatu txikietara jo dute. Hori egin dute Urretxuko eta Zumarragako hiru lagunek ere. Iñaki Beruetek (gitarra), Jon Ander Camposek (gitarra) eta Aitor Carrascok (perkusioa) Vivak taldea sortu zuten konfinamenduaren ondoren eta duela gutxi lau abesti grabatu dituzte.
Taldea duela urte eta erdi sortu zen. «Musika ezberdina jotzeko asmoa piztu zen, batez ere City of the Sun taldea entzun ondoren. Everything abestia jotzen hasi ginen eta hortik aurrera musika estilo hori probatzeko irrika sortu zen. Urte eta erdi ondoren, guk sortutako abestiak grabatzea erabaki dugu», azaldu du Beruetek.
Vivak musika taldeak konfinamenduaren ondoren eman zituen lehen pausoak. «Elkarrekin egoteko aukera izan genuenean, ostiraletan gelditzen hasi ginen. Jon Anderrek eman zigun City of the Sun taldearen berri. Musika instrumentala egiten duen New York hiriko talde bat da. Gitarra akustikoak eta kaxoi flamenkoa erabiltzen dituzte. Guk ere bi gitarra eta perkusioa erabiltzen ditugu. Lau abestiak 2021ean grabatu genituen eta duela gutxi argitaratu ditugu, formatu digitalean», gehitu du Carrascok.
Camposek pandemiak eragina izan duela dio. «Beti formatu elektrikoan jo dugu, baina pandemia hasi zenean emanaldiak egitea zaila zela ikusi genuen. Izan ere, formatu elektrikoko taldeak handiagoak dira. Beste formatu honetan, berriz, hiru pertsona bakarrik gara eta ez dugu ezer inon entxufatu behar. Oso musika interesgarria iruditzen zitzaigun eta, gainera, egungo egoerara primeran egokitzen da. Hori izan zen honen guztiaren hasiera».
Lau abestiak (C.J., 1520, Makila (St. Ageda eta Arrivederci) formatu digitalean argitaratu dituzte. Hori ere, formatu txikiko taldeak bezala, nagusitzen ari da. «Abestiak formatu fisikoan argitaratzeko diru gehiago behar da. Gainera, dagoeneko jende gehienak formatu digitalean entzuten du musika. Auto berriek ez dute CDak entzuteko gailurik. Gure beste taldeetan, diskoa atera eta lagun batzuk ez zutela diskoa non entzun esan ziguten. Hori dela eta, abesti hauek Interneteko plataformetan argitaratzea erabaki dugu: Spotify, iTunes, Amazon Music, Tidal, Instagram, TikTok, Youtube, Badok… Ordaindu egin behar da, baina diskoa argitaratzea baino merkeagoa da».
Dena den, ez diote egunen batean abestiak biniloan ateratzeari uko egiten. «Lagun batzuk guk bezalako friki batzuk binilozko kopia batzuk egin beharko genituzkeela esan digute, baina oraingoz txiroak gara. Gainera, binilo eskaera handia dago eta atzerapen handia dago», aipatu du Carrascok.
Aimar Ibarzabalen estudioa
Abestiak Aimar Ibarzabal lagunaren estudioan (Ilun Produkzioak) grabatu dituzte. Urretxuko eta Zumarragako bizilagunen arteko elkarlana azpimarratu nahi dute. «Azaleko argazkia Mario Garciak utzi digu. Tximista bat ikusten da, Irimoren eta herriaren gainean. Taldeko hiruok herrikoak gara eta herriko lagunekin lan egiten saiatu gara. Gainontzeko herritarren lana erakustea garrantzitsua iruditzen zaigu», azaldu du Carrascok.
Ibarzabali eskerrak eman nahi dizkiote, batez ere ekoizpen lanagatik. «Arratsalde polita pasa genuen eta asko lagundu digu», esan dute.
Camposek taldeari izena jarri ziona ere herritarra dela gogoratu du. «Arratsalde batean publizitate eta komunikazio munduan lan egiten duen Anne Zufiaurrek Vivak izena egokia izan zitekeela esan zigun: gure taldeak baliabide gutxirekin egiten du musika eta vivak egitea mendian ezer gabe lo egitea da. Gainera, abesti gehienetan naturaren soinuak sartu ditugu. Logoa ere Anne Zufiaurrek egin du. Aurpegia guk ematen dugu, baina egitasmo honetan herritar gehiagok parte hartu dute eta hori oso polita da».
Zuzenean jotzeko zailtasunak
Oraindik ez dute kontzerturik eman. «Egoera zaila da. Talde asko kontzertuak bertan behera uzten ari dira. Aitorri eta niri ere hori gertatu zaigu Hiri Galduak taldearekin. Urte amaieran Willis Drummondekin jo behar genuen eta ordu batzuk lehenago bertan behera gelditu zen. Hurrengo hilabeteak ere ez dirudi oso onak izango direnik. Dena den, 2022 gaizki hasi da, baina ondo bukatzea espero dut», amaitu du Beruetek.