Ataungo Herri Antzokiaren emanaldi eredua aldatuko dute, ekitaldiei arreta jarrita
Asteburuetako ohiko film emanaldiak kenduko dituzte, publiko jaitsieragatik. Ordez, hilean behin kultur emanaldi edo ekitaldi esanguratsu bana antolatzeko asmoa dauka udalak, proba gisa.
Beste eskaintza-eredu baterantz bideratu du Ataungo Udalak Herri Antzokiaren zerbitzua. Azken bolada luzean, ematen ziren ikuskarietara joateko ohiturak behera egin du, publiko aldetik nabarmen murriztuta. Joera irauli, eta ataundarrentzat bestelako kultur eduki batzuk jarrita hasi dira saiakera egiten.
Alde batetik, asteburuetako film emanaldiek harrera hoztu egin da Ataungo antzokian. Denbora bat bazeukaten tituluak jarri ohi zituzten, DVDetan. «Behera egin du publikoak», aitortu du Martin Aramendi alkateak. Batik bat, Ataundik hur dauden herri haziagoetako zinemetan eta aretoetan eskaintzen denarekin berdindu ezinik.
Hori horrela, «gogoeta» egin dute kultura arloko udal zerbitzuek eta arduradunek. Bai maiztasunean, bai eduki edo formatuari dagokionez, aldaketa egitea erabaki dute.
Aurrerantzean, asteburuetako film komertzial emanaldirik ez da izango. Horren ordez, kalitatez edo irismenez bereziagoak diren emankizunak programatuko dituzte Herri Antzokian.
Mendi Astea, lehen proba
Ildo berrian, aurreko astean udalak lehenbiziko aldiz antolatu zuen Mendi Astea sartzen da. Bi egunetan mendiko dokumentalen emanaldiak jarri zituzten, egileak gonbidatuta, solasaldiak antolatuta eta interes pizgarri gehigarria izan dezaketen lanak aukeratuta.
Bide horretan jarraitzea da udalaren asmoa. «Hilean behin, emanaldi bat eskaintzen hasiko gara, baina ohikoa baino esanguratsuagoa izango dena», aurreratu du alkateak. Hala nola, dokumentalak, film bereziak, antzerkiak, kontzertuak edo kultur eduki bereziak dituzte pentsatuta. Tartean, Landarbaso abesbatzaren Zirku musikala ikuskaria, urtarrilaren 9an izatekoa zena, baina COVID-aren erruz otsailaren 20ra atzeratu behar izan zutena.
Ataungo Herri Antzokian 272 eserleku daude, eta prestazio ugari: Berogailua, bi aldagela, agertokia 12m bider 8 metrokoa, eta argi eta soinu ekipamendu ona.
Zinema areto berria 2000ko maiatzaren 14an inauguratu zuten, Ataungo San Martin auzoan. Ezetz 40 ezetz film laburra jarri zuten lehen ekitaldia amaitzeko, antzokiko lehen pelikula modura. 22 urte betetzera bidean, osasuntsu jarraitu nahi du, 40 baietz beteko.