Beldurrari aurre egiteko trikimailuak
‘Tik, bakarrik. Tak, ikarak’ album ilustratua idatzi du Patxi Zubizarreta ordiziarrak, Maite Gurrutxaga ilustratzailearekin elkarlanean. Etxean bakarrik geratu diren anai-arreben istorioak kontatzen ditu
Bertako egileek sortutako album ilustratuen aldeko apustua eginez, Ikaselkar hezkuntza argitaletxeak irakurtzen eta idazten ikasten ari diren 6 urtetik gorako umeei zuzendutako album ilustratu berri bat argitaratu du. Tik, bakarrik. Tak, ikarak du izenburua eta Patxi Zubizarreta idazle ordiziarraren eta Maite Gurrutxaga ilustratzaile amezketarraren lana da.
Aspalditik ezagutzen dute elkar Zubizarretak eta Gurrutxagak; «Iparraldeko ipuin tradizionalak bildu edo moldatu eta Maitek ilustratuta zituen, eta Sabiroi aldizkarian ere egin genuen lan elkarrekin», hasi da kontatzen Zubizarreta. Oroitzapen onak utzi zizkion ordiziarrari, aurretik egindako elkarlanak, beraz, ziurtasunez adierazi du, «gogo handia» zuela berriro ere elkarrekin lan egiteko.
Oraingo honetan, Ikaselkar argitaletxeak elkartu ditu, haurrei zuzendutako lan hau ontzeko. Hain zuzen ere, lehen irakurleei zuzenduta dago Tik, bakarrik. Tak, ikarak. Mundua zein gizakia ulertzen eta ezagutzen, eta irudimena eraikitzen eta lantzen bidelagun izan nahi du. Hitzen eta irudien bidez, irakurle gaztetxoenak entretenitu, irakurketan trebatu, hizkuntzan aberastu eta arteaz gozatzen irakastea ere badu helburu.
Ikaselkar hezkuntza argitaletxeak 2020ko azaroan abiatu zuen Kimu bilduma, eta ordutik bederatzi liburu argitaratu ditu.
«Ospakizun handi bat»
Donostiako udal liburutegian egin zuten aurrez aurreko aurkezpena, atzo goizean. Zubizarretak hitzez hitz esan duen moduan, albuma aurkeztea «ospakizun handi bat!» izan da. Ospakizun handi bat, «sortzaile moduan poza sortu dugulako hori sortzerakoan, eta konbentzituta gaudelako haurrek izugarrizko gozamena hartuko dutela».
Alde batetik, «historian kontatzen da, gizartearen egungo egoera, nolabait, bi anai-arreben istorioaren bidez. Neska-mutiko edo anai-arreba hauek, bakarrik geratzen dira aitak alde egin behar izan duelako ospitalera, amona zaintzera istripu bat izan duelako. Istorioak erakusten du, «bi anai-arrebek egoera hori nola gainditzen duten, beldurra nola gainditzen duten, nola jotzen dioten elkarri adarra,…». Kasu honetan, literaturak balio izan du, «gauza txikiei begiratu eta lanpara edo kandela txiki bat eskaintzeko».
Gurrutxagak egin duen lanaren inguruan Zubizarretak esan du «hain dira delikatuak eta hain dira bihurriak egin dituen ilustrazioak, eta era berean, detailez josten du istorioa». Azken aldian asko hitz egiten da hezkuntza estetikoaz, hau da, zerbait gehiago eskainiko duena, eta hain zuzen ere, hori du album honek. «Hezkuntza estetikoa eta sentimentala, biak ditu liburu honek».