Emakumeek hartuko dute frontoia
Eusko Label Binakako Txapelketa Nagusiko partidak jokatuko dituzte igandean, Beasaingo Antzizar kiroldegiko frontoian
Beasaingo Antzizargo frontoiak «goi mailako» pilota partidak hartuko ditu igandean. Eusko Label Binakako Txapelketa Nagusiko ligaxkaren bi partida izango dira, zehazki: Etxekolonea-Mujika, Kortazar-Ezeizaren aurka, eta Iantzi-Etxenike, Etxeberria-Iratetaren aurka.
Leire Artola alkateak azpimarratu du udal gobernuaren bi helburu beteteko direla: «Bertako kirolak sustatzea eta berdintasunean aurrera pausoak ematea». Amets Arrospide Berdintasun zinegotziak gaineratu du kirola adibide garbia dela emakumeek, «oraindik ere», oztopoak gainditu behar dituztela. Hori aldatzeko udalaren konpromisoa nabarmendu du, herrian azken urteetan antolatu diren emakumeen kirol jarduerak zerrendatuta: futbol partidak, pilota jaialdia, saskibaloi txapelketak, herri kriolak, atletismoa…
Beasaindarrei ahaleginari jarraipena emateko deia egin die, ikustera hurbilduta eta sostengua emanda. Sarrerak doan izango dira.
Eskolako pilotariak ere bai
Jaialdia 12:00etan hasiko da. Ordu erdi lehenago Murumendi pilota eskolako neskak lehiatuko dira, Zumarragako pilota eskolakoen aurka.
Ados Pilotako ordezkariek esker oneko hitzak izan dituzte. Emakumezkoen pilota «ahalik eta gehien» zabaltzeko lanean ari direla azaldu dute, eta Beasainen jokatu ahal izatea garrantzitsua dela esan dute.