Frantziako Tourrak 30 kilometro egingo ditu Goierrin barrena
Udanatik sartu, Aztiriako mendatea pasa eta Zaldibiatik gora Larraiztik utziko du Tourrak Goierri, 2023an, Hego Euskal Herrian egingo duen bigarren etapan. Tourrean protagonismoa izan duten hainbat goierritar ere gogoratu dituzte.
2023ko Frantziako Tourrak hiru etapa egingo ditu Hego Euskal Herrian barrena, eta horietako bat Goierrin barrena pasako da. Laugarren etapa Ipar Euskal Herritik ere pasako da, baina azken horren xehetasunik ez dute eman oraingoz. Goierriko etapa Udanatik sartu, Aztirian barrena pasa eta Zaldibiatik Larraitzera igota aterako da eskualdetik. Tourra Goierritik igaroko den bigarren aldia da; 1992an ere pasa baitzen Urretxu-Zumarragatik.
Frantziako Tourrak keinu bat egin nahi izan dio euskal afizioari, eta euskal erakundeek Tourra Hego Euskal Herrira ekartzeko egindako ahalegina ere eskertu nahi izan du. Hala, Gasteizen aurkeztu zituzten atzo, 2023ko Tourraren lehen hiru etapak. Afizioari ez ezik, Tourrean protagonismo berezia izan duten txirrindulariak ere gogoratu dituzte, tartean Tourreko etapa bana irabazitakoak diren Joxe Nazabal zaldibiarra (1977an) eta Ion Izagirre ormaiztegiarra (2016an), eta hiru aldiz Tourreko podiuma zapaldu duen Joseba Beloki lazkaotarra (2000, 2001 eta 2002 urteetan). Beloki Gasteizko aurkezpen ekitaldian izan zen atzo; Nazabal ere gonbidatuta zegoen, baina ezin izan du joan, koronabirusean positibo eman duelako.
Bideoa ere zabaldu dute, Frantziako Tourra Hego Euskal Herrian izan den aurreko edizioak gogoratuz:
The #TDF2023 Grand Départ will take place in the Basque Country for the 2nd time in the Tour’s history ?
— Tour de France™ (@LeTour) January 26, 2022
Le Grand Départ aura lieu dans le Pays Basque ! C’est le 2ème dans l’histoire du Tour ? pic.twitter.com/4IGh9H6hQs
2017an, Frantziako Tourrean etapa bana irabazitako bi txirrindulari goierritarrak, Joxe Nazabal eta Ion Izagirre elkartu zituen GoiBerri aldizkariak, Balentria egin zuten biek izeneko erreportajean.
30 kilometro eskualdean barrena
Bigarren etapa izango da Goierri zeharkatuko duena. Gasteizen abiatu eta Donostian bukatuko da etapa hori, 210 kilometroko ibilbidea eginda. Goierrin. Udanako mendatean barrena sartuko da Legazpi aldera, baina ez da herrigunera sartuko, handik Aztiriako mendatera igoko baitira. Zerain eta Segura aldetik jaitsi eta N-1 errepidetik zeharkatuko dituzte Beasain eta Ordizia. Handik, Zaldibia aldera sartuko dira, eta Larraitz igota Tolosaldera pasako da tropela. Hauek dira bigarren etaparen ibilbidea eta profila: