Lan baldintza duinen alde elkarretaratzea egin du LABek
CAFeko atarian elkartu dira goizean. Tartean, 1.400 euroko gutxieneko soldataren bidean edo gehienez 30 orduko asteko lanaldiaren bidean urratsak ematea aldarrikatu dute.
Goierriko LAB sindikatuak elkarretaratzea egin du gaur goizean CAFeko atarian, LABek berak deitutako ‘Aldarrikapen Eguna’-ri erantzunez. Lan baldintza eta enplegu duinaren aldeko aldarria egin dute mobilizatu diren herritarrek. Pandemia garaiak “lan merkatua astindu eta aurretik zetorren prekarizazio prozesua azkartu” duela salatu dute, eta “Euskal Herrian ziklo mobilizatzaile berria irekitzeko, indar harremanak langileon alde jartzeko” deia egin dute.
Lantokietan “borroka sindikala biderkatu”, kalean “dinamika soziala hauspotu” eta “lan eta bizi baldintzak eraldatzeko euskal bide orria sustatuko” duela adierazi du LABek. Ildo horretan bi proposamen egin ditu: batetik, enpleguaren esparrua arautzeko Euskal Lan Kodea sortzea, eta bestetik, Gizarte Segurantzako Lege Propioa, “zaintza eta osasun beharrei erantzungo liekeena”. Patronalari bost proposamen egin dizkio sindikatuak. “Proposamenek ez dute negoziazio kolektiboa ordezkatzen, baina bertan dauden arrakala eta ahulguneak gainditzeko modua emango ligukete”. Aldaketak eta adostasunak “langileon aktibaziotik” soilik lortuko direla nabarmendu dute.
Gaurko ‘Aldarrikapen Eguna’ sei aldarrikapen egiteko baliatu dute: 1.400 euroko gutxieneko soldataren bidean urratsak ematea, gehienez 30 orduko asteko lanaldiaren bidea urratsak ematea, genero arrakala gainditzea, lanaldi partzialak mugatzea, enplegu publikoa egonkortzea eta enplegu suntsiketarekin amaitzea. Enplegu suntsiketa ekiditeko kaleratze kolektiboak egiteko arrazoiak gogortzea, kaleratzegatiko kalte-ordainak handitzea, bidegabetzat jotzen diren kaleratzeetan langileek erabakitzea kalte-ordaina onartu ala lanpostura itzultzea, lan agintaritzaren esku-hartzea berreskuratzea eta subrogazio eskubidea izatea proposatu dituzte.