Lau hamarkadaren ondoren, aldaketa
Idiazabalgo 41. Herri Krosa jokatuko da igandean. Antolakuntzako erreleboa hartu du herriko gazte talde batek. Gazte eta heldu, elkarrekin prestatu dute aurtengo edizioa.
Idiazabalgo 41. Herri Krosa jokatuko da igande honetan. Berezia izango da San Blas jaiak ez direlako ospatuko eta haurren lasterketak bertan behera geratu direlako. Nagusien mailako krosa bakarrik egingo dute. Are bereziagoa izango da, baina, antolakuntza talde berriaren lehenengoa izango delako. 40 urtez lanean ibili ondoren, erreleboa eman du antolakuntza taldeak, eta herriko gazte talde batek hartu du testigua.
Haritz Oiarbide da kideetako bat. Haren aita, Lake Oiarbide, urte luzez ibili da krosa antolatzen. Semearen lagun taldea ariko da lanean aurrerantzean. «Urte asko eginda zeuzkatela eta, gure kuadrillari proposatu eta hortik hasi ginen», azaldu du Oiarbidek. Lasterketa egunean lanean ibili izandakoak dira, baina antolakuntzaren erantzukizuna hartzen duten lehen aldia izan da. Aldaketa egiteko, elkarrekin ari dira lanean aurten, heldu eta gazte. «Hurrengoetan asmoa da guk bakarrik hartzea».
Azaro hasieran ekiten diote lanari, bilerak eginez, eta krosa bukatu arte ibiltzen dira kudeaketa lanetan. Zortzi lagun daude talde berrian. «Nagusietan urterokoaren antzerakoa izatea» espero badute ere, egoera dela eta besteetan baino korrikalari gutxiago izatea aurreikusi dute.
1981eko San Blas jaietan egin zuten aurreneko herri krosa. Lehenengo hartan 8,5 kilometro egin zituzten 71 korrikalarik. Gaur egungo krosak 10,2 kilometro ditu eta 600 bat lagunek parte hartzen dute. Azkenekoa, 40. urteurrenekoa, 2020an izan zen eta 648 korrikalarik bukatu zuten lasterketa. Aldaketak aldaketa, aurrekoek egindakotik ikasi eta «haien lanari jarraipena ematea» izango da antolakuntza talde berriaren helburua.
12:00etan hasiko da
Iaz pandemiagatik herri krosa bertan behera geratu zen eta igandean berriz helduko diote. Haurren lasterketak ez direnez ospatuko, goizean ez da ohiko jai girorik izango. Nagusien herri krosa 12:00etan hasiko da eta 10.245 metroko ibilbidea egingo dute parte hartzaileek. Lasterketa ondorengo saldarik ez da egongo, eta ez dituzte aldagelak jarriko. Sari banaketa 13:00 aldera izango da, plazako kioskoan.
Izena emateko azken eguna bihar izango da
Idiazabalgo 41. Herri Kroserako dortsal batzuk geratzen dira oraindik. Parte hartu nahi dutenek www.kronoak.com edo www.rockthesport.com webguneetan egin behar dute inskripzioa. Bihar gauerdian amaituko da izena emateko epea eta dortsalak lasterketa egunean bertan banatuko dituzte, 09:30etik 11:30era, Idiazabalgo plazan.