Legazpitik atera gabe Asiako hainbat toki ezagutzeko gonbitea
Aitor Casadok eta Mar Torrijosek kontinente horretara egindako bidaiak erakutsiko dituzte ikus-entzunezkoan. Emanaldia bihar izango da, Latxartegi aretoan, 19:00etan

Aitor Casadok eta Mar Torrijosek Legazpitik kanpora bidaiatzeko gonbitea egin diete berriz ere legazpiarrei. Bihar, Latxartegi aretotik atera gabe, bi bidaiari horien laguntzaz Asia ezagutzeko aukera izango dute bertara gerturatzen direnek. 19:00etan hasita, Asian zehar izenburuko ikus-entzunezkoa eskainiko dute.
Bikoteak egindako 13. «ikus-entzunezko bidaiaria» da Asian zehar. Ohi bezala, emanaldia aurkezpen batekin hasiko da, eta ondoren etorriko da ia 500 irudiz osatutako 43 minutuko bideoa. Proiekzioaren amaieran, lanean erakutsitako herrialdeen analisia egingo dute egileek, eta bukatzeko, opari eta guzti izango dituen joku interaktiboa proposatuko diete ikus-entzuleei. Casadok eta Torrijosek dena prest dute biharko saiorako.
Bidaiatzeko grina
Asiari buruzko lan hori, «munduan zehar aske bidaiatu ezinik» bi urte daramatzaten unean dator. Casadok azaldu duenez, «2021ean irteteko aukera izango genuela uste genuen, baina ez zen horrela izan, eta gure wanderlust edo bidaiatzeko grina berreskuratzeko eta pasio hori gure publikoari helarazteko» helburuarekin ekin zioten Asiari buruzko lana prestatzeari.
Emaitza, «bidai handi bat da», Asiako zortzi herrialdeetan zehar. «Paisaia harrigarriak eta eraikin ikaragarriak erakutsiko ditugu, baina batez ere, gure bihotzak liluratu dituen jende xarmangarriaren eguneroko bizipenak». Asiarekin maiteminduta daudela aitortu du legazpiarrak, eta «gure lanean islatu nahi izan dugu maitasun hori».
Zortzi herrialde
Asian zehar ikus-entzunezkoak zortzi atal ditu, bakoitza herrialde bati eskainia. «Txina, Myanmar, India, Vietnam, Japonia, Uzbekistan, Indonesia eta Singapur ezagutzeko aukera emango dugu». Txina eta Singapur berriak dira bidaiari bikote horren lanen artean, eta beste herrialdei buruzko zatiak osatzeko, «aurreko proiekzio batzuetatik gehien gustatu zaizkigun irudiak eta abestiak aukeratu ditugu».
Myanmari eskainitako pasartea nabarmendu nahi du Casadok, hara 2011n egindako bidaian ezagutu zutelako elkar berak eta Torrijosek. «Gure bizitzak aldatu egin ziren orduan, eta orduz gerztiko elkarrekin bidaiatu dugu». Horrez gain, «Asia purua» islatzen duen herrialdea dela dio, eta beti gomendatzen duten lekua da.
Biharko Latxartegiko emanaldian erakutsiko dituzten bezalako beste leku «ikaragarri» batzuetara berriz ere itzultzeko garaia noiz iritsiko den zain daude orain. Bitartean, Pasaporte a Wonderland blogerako eta publiko aurrean eskaintzeko prestatzen dituzten ikus-entzunezkoekin konformatu beharko dira.