Ore onetik, ogi ona
Urtero bezala San Blas opilak ekarri ditu Maite Iturbek Ordiziako Azokara. Ogi saltzaileen eskaintza ere gero eta zabalagoa da ferian. Barazkietan eta frutetan aparteko aldaketarik ez da izan.
Hotza, baina argia. Neguko eguraldi ederra. Garaiaren marka jartzeko detailetxo asko izaten da, astea joan astea etorri ferian, baita atzo ere: San Blas opila.
Datorren asteazkenean izango da San Blas baina lanean lehenxeago hasi ohi da Maite Iturbe San Blas opila azokara ekartzen eta atzo saltzeko dezente egin zituen. 2 euroan jarri zuen bakoitza salgai.
Bestalde, barazki eta fruituetan aparteko aldaketarik ez zen izan atzoko Ordiziako azokan.
Dena den, gaurko kronikan ogia izan nahi dugu hizpide. Astero ogi eskaintza zabala izaten da plazan, hiru ogi egile-saltzaile bertan.
Aspaldiko esaerak dioen bezala «ogia, jateko guztien laguna» bai gure usadioan behintzat. Azken urteetan gari irina ez ezik espelta, sarrazeno eta zekale irinak ere erabiltzen hasi dira, sesamo eta
liho haziak, intxaurrak edota mahats pasak ere izaten dituzte. Ama legamiarekin egin ohi dute Uliako labekoek eta Aldaba Zaharrekoek. Glutenik gabekoa ere bai, arroz eta sarrazeno edota hain ezagunak ez diren silium eta tefa irinekin eginak. Bataz beste pisuaren arabera 1-5 euro arteko ogi eskaintza dute.
Maite Iturbek berriz gari irina erabili ohi du batez ere eta berezitasuna txorizodun opilak eta zopakoa. Hiru hauek beraiek egindako gozoekin osatzen dute, madalenak, pastak, bizkotxoak…