Bonu kanpainek « 639.233 euroko diru sarrera» eragin dute hirugarren sektorean
Ordiziako Udalak bi bonu kanpaina jarri ditu abian 2020tik eta emaitzak «izugarri onak» izan direla esan du Adur Ezenarro alkateak. Erosketa ohituretan joera «aldaketa» ematen ari da
Ordiziako Udalak tokiko merkataritza, ostalaritza eta zerbitzu establezimenduei laguntzeko abiarazi zuen Ordizia Bizi Herria bonu kanpaina, «oso arrakastatsua» izan da Adur Ezenarro Ordiziako alkatearen hitzetan. Prentsaurrean aurkeztu zituen kopuruen arabera, bonu kanpainek «639.233,82 euro utzi dituzte herrian».
Ordiziako Udalak gogorarazi duen moduan, bi bonu kanpaina egin ziren iaz. Batetik, etxeko postontzietan jaso ziren bonuen kanpaina. Honakoak eragindako diru sarrera «256.256.59 eurokoa» izan dela esan du Ezenarrok. Bestetik, erosketa bonuen kanpaina, bi txandatan egin zena. Azken honek, «guztira, 382.977.23 euroko eragina» izan du herrian.
Alkatea pozik agertu da kanpaina hauek hirugarren sektorean suposatu dutenagatik: «Gure herriko merkataritza, ostalaritza eta zerbitzuak sustatzeko egitasmoa izan da, eta izugarrizko emaitza onak lortu ditugu». Herria bizirik mantentzeko «ezinbesteko» lana egiten duten sektoreak direla gehitu du, eta gainera, «helburua da herritarrek herrian bertan kontsumitzea, Ordizian bizi eta Ordizian erosi».
2020an jarri zuten lehen aldiz kanpaina hau martxan, eta orduan «451.000 euroko diru sarrerak» izan ziren Ordiziako establezimenduetan. Orain, kopuru hori «gainditu» egin dela nabarmendu du Ezenarrok.
Bonuen erabilera «gora»
Datu ekonomikoez gain, bestelako azterketa egiteko datuak ere utzi dituzte kanpaina hauek. Postontzietako bonuetan, %18ko gorakada eman da erabileran. 2020an, %38koa izan zen erabilera, eta 2021ean, %56koa. Maitane Alvarez alkateordeak ondorioztatu du herrian erosteko joeran «gorakada» eman dela erakusten dutela datuek.
Erosketa bonuen kanpainan, 5.000 bonu jarri ziren zirkulazioan, 2.500eko bi txandatan. Erosketa bonuen bigarren txandan, 2.500 bonuetatik 1.813 ordiziarrek erosi zituzten eta beste 687ak, inguruko herrietako eta beste eskualde batzuetako pertsonek erosi zituzten, hau da, bonuen %73a ordiziarrek eta %27a beste batzuek eskuratu zituzten.
Beste herrietako bezeroen artean, Zaldibia, Lazkao, Idiazabal, Legorreta, Olaberria eta Ataungoak dira gehienak. Bonuei eman zaien erabilerari dagokionez, moda dendetan gastatu dira gehien.