Ordutegiak moldatu, «hobeto bizitzeko»
Egitasmora batu diren dendariek arratsaldeko ordutegia aurreratu egingo dute otsailean, saltokiak 19:00etan itxita. Kontziliazioa erraztu nahi dute. Emaitza positiboa bada beste herrietara zabalduko dute
Beasaingo 31 merkatarik arratsaldeko ordutegia 16:00etatik 19:00etara moldatuko dute, «hobeto bizitzeko». Eguerdiko geldialdia motzagoa egingo dute, lehenago irekitzeko eta lehenago ixteko. Hala, lana eta bizitza errazago eta hobeto uztartuko dituzte. «Gure bizi-kalitatea asko hobetuko da», azaldu zuen Amaia Sorazuk, Ekilore belardendako arduradunak, egitasmoaren nondik norakoak aurkezteko saioan, atzo. «Denbora gehiago izango dugu aisialdirako, kirola egiteko, umeen eta etxeen karga arintzeko…», zehaztu zuen.
Abio Bidaiak agentziako Iker Garmendiak herritarrei laguntza eskatu zien. «Zuen eskuetan gaude», esan zuen. Bezeroak ordutegi berrira egokitzen ez badira atzera ohiko ordutegira itzuliko direla esan zuen, baina hori euren bizitzarako kaltegarria izango litzatekeela azpimarratu zuen. Horregatik, lehen saiakera honek pedagogia egiteko ere balio behar duela gaineratu zuen. «Herritarrei erakutsi nahi diegu gure beharrak zeintzuk diren».
Biek aitortu zuten bezeroak galtzeko beldurra. Baina, bizimodu hobe baten itxaropenarekin, proba egin behar dela defendatu zuen Sorazuk. Garmendiaren ustez bezeroentzako aldaketa ez da horren handia izango. «Ohitura aldaketa handiak egin beharra dauzkat 20:00etan itxi beharrean 19:00etan ixten badute? Hori galdetu behar dute». Kale inkestak egingo dituzte herritarren bizitzan duen eragina neurtzeko.
Emaitza positiboa bada beste herrietara zabaltzeko asmoa iragarri zuen Miren Elgarrestak, Berdintasuneko foru zuzendariak: «Esperientzia aintzindari honetatik eratorritako ezagutzak berdintasun eta kontziliazio politiketarako baliatuko dira eta eredu izango dira lurraldeko beste udalerri eta eskualdeetan antzeko esperientziak garatzeko».
Beasain, probaleku
Elgarrestak esan zuen Beasainek ezaugarri «oso aproposak» dituela halako ekimen bat probatzeko. «Herri ertaina da, ekonomia indartsua du eta industria sektorea indartsua du». Berdintasunaren alde egindako apustua «nabaria» dela gaineratu zuen. Beasainen urteak daramatzate halako probak egiten. Herrilab3B egitasmoa martxan dute foru aldundiak eta udalak herriko hainbat elkarterekin batera. Herrilaben baitan erantzunkizunaren aldeko esperimentuak egiten dituzte.