Tourrak bigarren aldiz zapalduko du Goierri 2023ko uztailaren 2ko etapan
Euskal Herrian jokatuko diren datorren urteko Frantziako Tourreko lehenenengo hiru etapetatik bigarrenak zeharkatuko du bailara. Udana, Aztiria eta Larraitz igoko dituzte. 1977an etapa bat irabazi zuen Joxe Nazabal zaldibiarrari keinua egin diote antolatzaileek.
Zumarragako Antioko egun handiari edota Ataungo Aiako festa-egunari itzal egingo dien ekitaldiak ikusmina piztu du. Datorren urteko Frantziako Tourra Goierrin bertan ikusteko aukera izango da, 2023ko uztailaren 2an, igandea, Santa Isabel egunez, Gasteiz-Donostia bigarren etapak (210 km) eskualdea zeharkatuko baitu.
Tourraren zuzendari nagusi Christian Prudhommek herenegun Gasteizen aurkeztu zituen 2023ko grand departe edo irteera handiko lehen hiru etapak: Bilbo-Bilbo, Gasteiz-Donostia eta Zornotza-Baiona. Bertan izan ziren gonbidatuta Jon Izagirre txirrindulari ormaiztegiarra eta Joseba Beloki txirrindulari ohi lazkaotarra, besteak beste.
Gasteizen irten, eta Oñatitik gora Udana mendatea igota sartuko da Tourreko tropela –eta ikuskizuna– Goierrira, Legazpiko lurretara. Motxorroko bidegurutzean, berehala eskuinera hartu, eta Aztiriko mendatea igoko dute. Zerainera eta Segurara jaitsi, eta Idiazabaldik barrena Ihurrera eta Beasainera iritsiko dira. Ordizian, Zaldibiara hartuko dute, eta Larraitz igota jarraituko du Tolosaldera. 30 bat kilometro, Goierriko bideetan.
EAEko erakundeek 12 milioi euro jarriko dituzte, hiru etapak bertan jokatzeagatik.
Nazabali keinua
Bitxia egiten da Tourreko etapa baten profil ofizialean Goierriko leku-izenak ikustea. Zaldibia jarri dute bat –Legutio eta Hernani herriak besteak–, eta Cote d’Aztiria, bestea. Zaldibiatik igaroko baita Tourra, Joxe Nazabal ziklistaren (Zaldibia, 1951) herritik. Atzoko aurkezpenera gonbidatuta zegoen, baina koronabirusaren erruz ezin izan du joan.
1977ko uztailaren 2an Oloroe-Gasteiz etapa irabazi zuen Nazabalek, Kas taldearen elastiko urdinarekin –horirik ezin zen erabili Tourrean, liderrarentzat gordea–. Bi besoak altxatu zituen lehen goierritarra izan zen, 26 urte bete zituen egunean; Aitor Gonzalez zumarragarra (2004) eta Jon Izagirre (2016) dira beste etapa garaileak.
Orduko hartan, ordea, Goierritik ez zen pasatu. Izpegitik Elizondora jaitsi, eta Ezkurra igo ondoren, Sakanatik eta Arabako Lautadatik iritsi zen Tourra Gasteizera. 2023an, etxe ataritik ikusi ahalko du Nazabalek.
Alex Aranbururentzat (Ezkio, 1995) ere berezia izango da, Aztiria igoko duelako lasterketak. Amaren jaiotetxe Legorburu baserriaren aurretik igaroko da Tourra. «Polita da Tourra Euskal Herrian hastea, eta gainera Aztirik, gure etxe ingurutik pasatzea, berezia izango da. Noski, parte hartzeko aukerarik izaten badut, oraindik bereziagoa. Urruti dago eta ezin jakin. Baina kutuna izango dela, dudarik gabe», esan du Aranburuk. «Tourra, Tourra da, eta etxean bada, gehiago».
Kurioski, koronabirusak erasanda egon berri da Aranburu ere, sukarrarekin eta sintomekin. Atera berria da, eta entrenamenduei berrekin die, astebete «geldirik» egon eta gero. Valentziako Itzulian debutatzekoa zen Movistarrekin, baina otsailaren bukaeran Belgikan hasiko da.
1992an ere Goierrin
Ez da lehenbiziko aldia izango Frantziako Tourrak Goierri bisitatuko duena, bigarrena baizik. 1992ko uztailaren 5ean, igandea hura ere, Donostia-Donostia lehen etapan (194 km) zeharkatu zuten, Miguel Indurain liderraren horiz jantzita zela –aitzinetapa irabazi zuen bezperan, Donostian, eta bigarren Tourra ere bai, Parisen–.
Donostiako Klasikoak orduan jarraitzen zuen ibilbidea egin zuten Tourreko etapan, zerbait laburragoa. Aizpurutxotik Urretxura 13:20 aldera iritsi zen tropela, Zumarraga, Ezkio-Itsaso, Ormaiztegi, Salbatore, Beasain, Ordizia, Itsasondo eta Legorreta igaro zituzten gero.
Donostian Dominique Arnauld frantziarrak (Castorama) irabazi zuen esprintean, eta lidertza Alex Zulles (Once) eskuratu zuen; 24 urte bete zituen eguna zen. Jaizkibel eta Gurutze igo zituzten bukaerako azken zatian 1992an; 2023an, alderantziz kateatuko dituzte.