Zumarragarrak, Pagadi eta Gurrutxagarekin
‘Herri txiki, infernu handi’ telebista saiokoak Zumarragan egon ziren asteazkenean. Mikel Pagadik eta Zuhaitz Gurrutxagak Zumarragan bizitako abenturak otsailaren 20an emango dituzte ETB1en.
Mikel Pagadi eta Zuhaitz Gurrutxaga ETB1eko ikusleen pertsonaia kuttunak bilakatu dira. Herriz herri joaten dira, herrien eta bertako bizilagunen berri emanez. Euskal Herriko Tintin eta Milu, lagun bizardun eta guzti. Duela 10 egun Zumarragan egon ziren zumarragarrak elkarrizketatzen eta asteazkenean elkarrizketak ikusteko aukera egon zen Beloki pilotalekuan. Zumarragan grabatutako saioa otsailaren 20an emango dute telebistan.
Asteazkeneko ekitaldia Sebastian Lizasoren bertso batekin hasi zen. Lizasok Zumarragara trenean etorri zirela esan zuen, herriak trenarekin duen lotura estua gogoratuz. Lehen bideoa Pagadik eta Gurrutxagak Zumarragako plazan grabatutakoa izan zen. Bertan, elgoibartarrak Zumarragako historiaren berri eman zion villabonatarrari. Migel Lopez de Legazpiri eta Secundino Esnaolari buruz hitz egin zuten, besteak beste.
Ondoren, Pagadik Fernando Salegiren harategira jo zuen. Salegik, lortutako sariak erakutsi zizkion eta idi probei eta Isabel tabernari buruz ere hitz egin zuen. Isabel tabernako idiaren adarrarekin gertatutakoa kontatu zion, besteak beste. Salegiren kirol zaletasunaz ere hitz egin zuten.
Eitza eta Agiña
Gurrutxagak, berriz, Beloki pilotalekuan hasi zuen Zumarragako kaleetan egindako paseoa. Bertan, Antxon Biain pilotalekuko arduradunarekin elkartu zen. Biainek eitzatarra dela argi utzi zuen, noski. Herrigunea Eitzan sortu zela azaldu eta auzoko jaien berri eman zuen. Ondoren, pilotalekua erakutsi zion. Granate koloreko frontoi bakarra dela azaldu zion eta elgoibartarra kantxa garbitzen jarri zuen. Bukatzeko, Biainek spinning apur bat egin zuen. Gurrutxagak Jose Luis Peralesen abesti bat eskaini zion, euskaratuta. Pagadik, kasta handiko beste auzo bat ezagutzeko aukera eduki zuen: Agiña. Western pelikuletako musikarekin heldu zen Agiñako Abendaño baserrira. Bertan, Jose Angel Toledok auzoari buruz hitz egin zion eta aizkorarekin lan egiten jarri zuen. Ondoren, Villabonako John Waynek Abendañoko pontxe famatua probatzeko aukera eduki zuen.
Gurrutxagak ere ez zuen sabela hutsik alde egin Zumarragatik. Zumarragarrek kanpotarrak lanean jartzeko ohitura dutela dirudi, baina jaten ere ematen diete. Gurrutxagak babarrunak jan zituen, hain zuzen ere. Anita Izagirrerekin, Eitzan. Ondoren, babarrunak jaisteko, yoga apur bat egin zuten.
Anitak ere Eitza goraipatu zuen eta Zumarraga beheko auzoa dela esan zuen, txantxetan. Eitza gora, Eitza behera, laugarren bideoaren ondoren Lizasok Eitza auzoari abestu zion.
Bosgarren bideoko protagonista ere aski ezaguna da: Euxebio Zabala. Pagadiri, 2016an munduko mus txapelketa irabazi zuela kontatu zion eta bere etxera eraman zuen. Bertan, musean irabazitako txapelak erakutsi zizkion eta berak prestatutako tarta dastatzeko aukera eman zion. Amaitzeko, Rolling Stones taldearen Satisfaction kanta abestu zuten elkarrekin.
Asto ibiltaria
Gregorio Zabalok Rolling Stones taldearen txapa hotsa baino nahiago ditu Txuti astoaren arrantzak. Gurrutxagarekin elkartu zen, mertzedariatarren elizan. Handik, Txutiren ukuilura joan ziren. Bertan, astoarekin Donejakue bidea lau aldiz egin duela kontatu zion. Gurrutxagak Astoa ikusi nuen abestu zion, hitzak egokituta.
Pagadik ere izan zuen Eitza ezagutzeko aukera, Uxue Kerejetaren eskutik. Auzoaren historia ren eta auzoko jaien berri eman zion. Jaietan galtzontzilo lasterketa egin zutela aipatu zion eta Pagadik lasterketa berreskuratzea proposatu zion Kerexetari. Inongo lotsarik gabe, beti bezala, prakak kendu eta auzoko ermitari hainbat itzuli eman zizkion korrikan.
Bukatzeko, Gurrutxagak Antiora jo zuen. Bertan, Ander eta Jokin Rodriguez anaiekin elkartu zen. Zumarragako errekortariek Antioko baselizaren historiaren berri eman zioten eta toreatzea proposatu zioten. Elgoibartar guztiak ez dira zezenen aurrean jartzeko jaio, nonbait: Luis Mazzantini elgoibartarra toreatzaile bikaina izan zen, baina Gurrutxaga kameren aurrean zezenen aurrean baino hobeto moldatzen da. Ikusi nahi duenak, otsailaren 20an du zita, ETB1en.