Hamaseigarrenaren bultzadarekin, Ordiziak garaipenarekin omendu du Kawa Leauma
Cienciasen aurkako ligako partida 19 eta 12 irabazi du Ampo Ordiziak, eta bost puntu batu ditu; Ohorezko Mailako 3. postuan jarri da. Kawa Leauma zenari omenaldia egin diote taldekideek, klubak eta zaletuek.
Ordizia Errugbi Taldearen ia 50 urteko historian sartuko den jardunaldia izan da, gaur arratsaldean, Altamira estadiokoa. Kawa Leauma jokalari eta taldekide zenari –abenduan hil zen, ezbehar batean– omenaldi sentitua egin dio Ordiziako errugbi “familia” osoak. Arratsaldea borobiltzeko, Ohorezko Mailako 11. jardunaldiko partida Ciencias Enerside talde andaluziarrari 19-12 irabazi, eta samoar jatorriko zeelandarrarri eskaini dio Ampo Ordiziak.
Partida amaitu orduko, eguzkia Aizkorriren atzean ezkutatu den une berean, piztu dira Altamirako errugbizale guztien begi dirdirak. Kawa Leauma ez dutela ahaztu argi dago –zelaiaren horma batetik zintzilik dagoen haren irudidun pankarta erraldoiak dioen bezala–. Haren 5 zenbakidun elastikoa atera dute zelaira taldekideek, Ordiziako errubgi klubeko harrobiko haurrek, gazteek eta laguntzaileek osatutako korridorean. Harmaila guztia, zutik eta txaloka.
Zelai erdian elastikoa zutituta, ohorezko aurreskua dantzatu dio Iker Korta taldekideak. Klubeko lehendakari Iñaki Galparsorok eskerrak eman dizkie laguntza eta laguntasuna adierazi duten “alde guztietako” jendeari, taldeei eta Espainiako selekzioko ordezkariari. Taldeari, berriz, animoak eman dizkio.
Azken partidako gozamen lezioa
Iñigo Marotias entrenatzaileak Leaumak utzi duen ondarea nabarmendu du. Pasadizo bat kontatu du, Kawak Ordiziarekin jokatu zuen azken partidak gertatutakoa. “Valladoliden VRACen aurka azken partida jokatu zuenean, taldekoek bezperan hain kuttuna dugun Palentzian lo egin genuen. Hurrengo goizean, partida prestatzeko bileran, taldea behar zen puntuan ikusi nuen, segurtasun guztiarekin, eta ziur nengoen nire hitzek ez zutela indar gehiago eragingo. Jokalariei eskatu nien partida irabazteko beharko genukeen hitz bana esateko. Kawak, bere euskara samoarrean, ‘gozatu’ esan zuen. Arbeleko orrian idatzi nuen, handiz. Astebete geroago, maletan topatu nuen paper hori, eta orain aldagelan daukagu jarrita. Sinbolo bat da, eta haren esanahiak taldeak bizirik dirauen bitartean segiko du”, azaldu du Marotiasek.
Leaumak errugbiak “ikaragarri gozatzen” zuela nabarmendu du entrenatzaileak. “Gutako guztiok eta zaletuek sentitzen dugun gozamen berbera zuen talde honetan. Gozamen hori da Ordizia familia bat egiten duen argamasa, Kawak egunero sentitzen zuena”.
Leaumaren emazte Talik zuzenean ikusi du Zeelanda Berritik omenaldia, bide-konferentziaz –Youtuben ere zuzenean emititu du klubak–. Hitza ere hartu du, ingeles, gaztelaniaz eta euskaraz. “Ordiziako errugbi familia osoari eskerrak emateko baliatu nahi dut aukera hau. Azken hiru urte hauetan osatu dugun familiari. Oso pozik nago, Kauwa zuei guztioi begira egongo delako. Kawa orain aingeru bat da, denok zaintzen gaituena. Denboraldi amaieran zuek denok ikustea espero dut, eta Kawa ere nirekin eramango dut”, aitortu du emazteak.
Txalo zaparrada hunkigarriarekin eskertu eta goratu du Altamira osoak hitzaldia. Bideo batekin gogoratu dituzte Leaumaren Ordiziako bizipen eta jokaldi batzuk. Taldekideek elkarri bizkarretik helduta, begiak bustita baina ezpainak irribarretsu zituztela jarraitu dute omenaldia. Haka batekin agurtu eta ohoratu dute Kawa.
Lehen zatian bideratu
Kirol arloan, lehen zatian bideratu du Ampo Ordiziak Cienciasen aurkako neurketa. Alain Arañak 4. minuturako lehenengo entsegua lortu du Ordiziarentzat. Eneko Salinasek beste bi entsegu egin ditu. Cienciasek atsedenaldira joan aurretxoan lortu ditu entsegu bat eta ondorengo transformazioa. Bigarren zatian, azken erdian batez ere, erritmoa estutu du. 62. minutuan beste entsegu bat lortuta, urduritasuna hedatu da Altamiran. Pare bat eraso borobiltzeko aukera ere izan dute andaluziarrek, baina defentsan ondo eutsi dio Ordiziak. Kawa Leauma baitu 16. jokalaria.
Denboraldiko 7. garaipena da Ampo Ordiziarentzat. Hurrengo bi jardunaldiak kanpoan ditu, Gernikaren aurka otsailaren 20ko asteburuan, eta Salvadorren aurka martxoaren 6koan.