Zerainen auzolanean kokatu dituzte errepideko abiadura murriztaileak
Ostatu paretik Antxaputzuko biribilgunera bitartean, lorontziak jarri dituzte errepidearen ertzean, autoek abaila gutxitu behar izateko.
Auzolanerako goiza izan dute gaur Zerainen. Udalak deituta, herritar saldo bat aritu da lanean, herrigunea zeharkatzen duen errepidean zirkulazioko abiadura murrizteko osagaiak jartzen. Segura-Legazpi errepidean dagoen ibilgailuen joan-etorriak, eta, batez ere, sarri herri-kaskotik pasatzerakoan hartzen duten abiadurak arrisku egoerak sortzen dituela eta, abiadura murriztaileak jarri dituzte.
Frontoiaren eta ostatuaren paretik Antxaputzuko biribilgunerainoko zuzengune guztian zurezko lorontzi handiak kokatu dituzte, errepidearen bi aldeetara. Pasabidea estutu, eta ibigailuen abaila gutxiaraztea lortu nahi da. Lehen zeuden lorontziez gain, berri gehiago ipini dituzte.
Horrez gain, beste herritar talde bat autoentzat bide bazterrean aparkalekutarako marrak margotzen aritu da.