Beasainen, ezustekorik ez Eusko Label txapelketako partidetan
Emakumeen binakako pilota txapelketako partidak jokatu dituzte Beasaingo Antzizar pilotalekuan. Faboritoak nagusitu dira bi partidetan, Iantzi-Etxenike eta Etxekolonea-Mujika bikoteak.
Eusko Label binakako txapelketa azken jardunaldietan sartua da. Sailkapena eta final laurdenetarako sarbidea estu dago, beraz, Beasaingo partidak garrantzi handikoak izan dira pilotarientzat. Eguerdiko hamabietan hasi da Ados Pilotak antolatutako jaialdia eta ez da ezustekorik izan: sailkapenean ondoen kokatutako bi bikoteek lortu dute garaipena.
Lehen partidan, Iantzi eta Etxenikek (gorriz) Etxeberria eta Iraetaren (urdinez) aurka neurtu dituzte indarrak. Iantzi-Etxenike bikotea sailkapeneko laugarrena zen partida jokatu aurretik; Etxeberria-Iraeta bikotea, ostera, azkena. Gorriek ez diete aukerarik eman urdinei. Hasieratik izan dira markagailuan aurretik, baina partidaren erditik aurrera zabaldu da aldea. 11-7tik 18-7ra egin dute jauzi eta, azkenean, 22-12 amaitu da partida. Horrela, Iantzi eta Etxenike final laurdenetarako sailkapena gerturatu dira. Etxeberria eta Iraetak, aldiz, sailkapeneko azken postuan jarraituko dute, atzo ere galdu egin baitzuten Lizarran.
Bigarren partidak ere antzeko bilakaera izan du. Hasiera estuagoa, baina, amaieran, faboritoek alde handia atera dute. Etxekoloneak eta Mujikak (gorriz) jokatu dute Kortazarren eta Eceizaren (urdinez) aurka. Gorriak sailkapeneko hirugarrenak ziren partida jokatu aurretik, eta urdinak zazpigarrenak. Lehen erdia oso parekatua izan da. Hamargarren tantora arte, lehia oso parekatua izan da. Gorrien erasoaldi baten ostean, ordea, markagailua 10-10etik 18-11ra joan da. Azkenean, Etxekolonea-Mujika bikoteak 22-13 garaitu ditu Kortazar eta Eceiza.
Eceizaren hitzetan gorriak “gehiago izan dira, baina Kortazarrek aukerak izan dituenen “oso ondo” jokatu duela adierazi du. Kortazar eta Eceizari bi partida falta zaizkie jokatzeko, Etxekolonea eta Mujikak, ostera, jokatu dituzte guztiak. Etxekolonearen ustez, partida markagailuak erakusten duena baino “estuagoa” izan da eta “gustura” dago jokatu dituzten sei partidetatik lau irabazi dituztelako.