Urko Herran eta Maria Ordoñez garaile Idiazabalgo 41. Herri Krosean
Idiazabalgo Herri Kroseko errekor berriak ezarri dituzte Urko Herranek eta Maria Ordoñezek. Lasterketaren 41. edizioan, 410 korrikalarik hartu dute parte.
Eguerdiko hamabietako kanpaiek eman diote irteera Idizabalgo 41. Herri Krosari. 410 korrikalariek hartu dute parte, osasun egoera dela eta, ohi baino gutxiagok. Lasterkari kopurua murrizteak, ordea, ez du maila jaitsi; eta errekor berriak ezarri dituzte gizonezkoen zein emakumezkoen lasterketetan.
Indartsu ekin dio Maria Ordoñez iruindarrak lasterketari eta, segituan, utzi ditu atzean bere aurkariak. Lehen itzulitik bere erritmoa hartu eta helmugara arte mantendu du lasterketa burua. Ordoñezek estreinakoz hartu du parte Idiazabalen eta zaleen babesa eta giroa eskertu ditu.
Azken edizioko irabazleak zeharkatu du bigarren postuan helmugako marra, Maite Arraiza lazkaotarrak. Hirugarrena Diana Vecillas gasteiztarra izan da. Laugarren iritsi da Izaro Rubio ordiziarra eta Leire Azurmendi izan da lehen idiazabaldarra. Gainera, Ordoñez garaileak errekor berria ezarri du. 37 minutu eta 23 segundutan osatu ditu lasterketaren 10,2 kilometroak.
Gizonezkoen lasterketa estuagoa izanda. Lehen itzuliaren ostean, bikote bat nabarmendu da gainontzeko lasterkarien gainetik: Urko Herran gasteiztarra eta Unai Arroyo tolosarra. Bien arteko norgehiagokak, ordea, ez du lasterketa erdia baino askoz gehiago iraun. Ibilbideko aldapen beldu, lasterketari “lasai” ekin diola asierazi du Herranek. Gerora, ordea, erritmoa bizitu, Arroyo atzean utzi eta bakarrik zeharkatu du helmuga lerroa.
Gasteiztarrak 30minutu eta 53 segunduan burutu du lasterketa eta errekor berria jarri du. Hemeretzi segundu geroago heldu da Arroyo eta honek ere aurreko errekorra hobetu du. Hirugarren postua David Rua elorriarrak lortu du, Angel Vazquez lazkaotarrari azken esprinta irabazi ostean. Xabier Sanchez “Santxo” izan da lehen herritarra, Ander Serrano eta Josu Urrestarazuren aurretik.
Lasterketa nagusiaz gain, beteranoen eta kadeteen lasterketak ere egon dira. Guztiek batera hartu dute irteera, baina kadeteen lasterketa lehen itzulian amaitzen zen. Gizonezko kadeteetan Jon Laespada gasteiztarra izan da garailea, Eneko Oliveira idiazabaldarraren aurretik. Emakumezkoetan, Nahia Rubio iritsi da aurrena eta bigarren izan da Elene Etxeberria ordiziarra. Beteranoetan, Raul Gomez lasartearra eta Izaro Rubio ordiziarra iritsi dira lehenak.
41. Herri Krosa aldaketekin iritsi da. Gazte talde batek hartu du ohiko antolatzaileen erreleboa, nahiz eta, gaurkoan, lehengo antolatzaileek eta oraingoek elkarlanean jardun duten. Iaz, osasun egoera zela eta, ezin izan zuten Herri Krosa antolatu. Aurten, berriz, zenbait neurrirekin bada ere, aurrera egitea erabaki dute. Ez da haurren lasterketarik egon, ezta lasterketa osteko salda eta dutxarik ere. Hala ere, jende ugari bildu da Idiazabalgo kaleetan eta lasterkariek asko eskertu dute.
Sailkapena:
-Gizonezkoak:
- Urko Herran Aguilar (Gasteiz) 30:53
- Unai Arroyo Cabeza (Tolosa) 31:12
- David Rua Sanchez (Elorrio) 32:29
-Emakumezkoak:
- Maria Ordoñez Marina (Iruñea) 37:23
- Maite Arraiza Aramendia (Lazkao) 37:51
- Diana Vecillas Sampedro (Gasteiz) 38:31