CAFek Israelen beste kontratu bat irabazi du
Tel Avivgo tranbiako linea morea diseinatu, eraiki, hornitu eta mantendu egingo du. Akordioaren bolumena 1.000 milioitik gorakoa da. CAFi erdia dagokio
CAFek eta Saphir eraikuntza-taldeak osatutako kontsortzioak Tel Avivgo tranbiako linea morearen proiektua gauzatzeko ardura jaso du. 27 kilometroko linea diseinatu, eraiki, hornitu eta 2047ra arte mantendu egin beharko dute.
Beasaingo konpainiaren arabera Israelgo garraio-proiektu “handiena” da. Akordioaren zenbatekoak potoloak dira: 1.015 milioi euroko bolumena izango du denera, eta horietatik 525 CAFi dagozkio. Bost moduluko 98 tranbia unitate ekoitzi beharko ditu, gutxienez, beste 32 egiteko aukera zabalik utzi dutelako; seinaleztapena eta konponketa lanak ere CAFen ardura izango dira.
2027. urterako tranbia martxan egotea aurreikusten dute. Hiriko erdigunea eta ekialdea lotuko ditu, 45 geldialrekin. “Tel Aviveko metropoli eremuak biztanle guztien garraiorako tren-sare modernoenetakoa eta eraginkorrenetakoa izango du”, zin egin du CAFek.
Muga etiko eta legalik ez
Nazioartearen gehiengoarentzat Tel Aviv da Israelgo hiriburua. Bertan daude enpresa indartsuenen bulegoak, unibertsitatea edota kulturgune garrantzitsuenak. Baita ere enbaxada gehienak. Ehin handi batean, nazioarteak ez duelako lurralde okupatutzat hartzen.
Proiektua gauzatzeko ez dute oztopo etiko eta legalik izango, hortaz. Izan ere, CAF eta Saphir Israelen beste proiektu bat gauzatzen ari dira, NBEren hainbat ebazpenen aurka doana. Israelek okupatutako Jerusalem ekialdea eta Zisjordaniako hainbat kolonia judu lotuko dituen tranbia eraikitzen ari dira, zehazki. Nazioarteko hainbat eragilek eta enpresako bertako langileek proiektua gelditzeko eskatu dute. Kontsortzioak entzungor egin eta aurrera jarraitu du.