Antxon Iriartek kontzertua egingo du
Lekanazpi elkarteak antolatuta, Negua badoa musika emanaldia egingo du biolin jotzaile goierritarrak. Udalak jarritako isuna ordaintzeko izango da sarreren dirua.
Lekanazpi elkarteak Negua badoa musika emanaldia antolatu du larunbaterako. Kontzertua Antxon Iriarte biolin jotzaileak egingo du, neguari sei pieza eskainiz. Bikuña-enea plazan izango da musika saioa, 17:30ean, eta sarrera 3 euro izango da. Eguraldi txarra eginez gero, elkarte barruan izango da.
Kontzertuaren sarrerarekin ateratako dirua Alkatetzak Lekanazpiri jarritako isuna ordaintzen laguntzeko izango da. Isun hori, elkarteak iazko uztailean Azoka eta Euskal Herria plaza artean antolatutako ekitaldien ondoriozkoa da.
Biolina, eskusoinua, Nare
Antxon Iriarte musikari ezaguna da Legazpin, nahiz eta Gabirian bizi den. Musika ikasten han hasi zen, herriko musika eskolan, 6 urterekin. Baina Legazpiko kontzertu bat ikusi eta biolina ikasteko gogoa sortu zitzaionez, Doinua musika eskolara etorri zen 9-10 urte zituela. Hortik, 14 urterekin, Donostiako kontserbatoriora salto egin zuen, eta biolineko gradu profesionala egin zuen. Orain 23 urte ditu, eta Iruñean konposizio gradua ikasten dabil. Biolina jotzeaz gain, eskusoinua ere jotzen du.
Kontzertu ugari eman ditu orain arte, baina oroitzapenean bi ditu bereziki gordeta. Bata, 12 urterekin San Migel baselizan eskusoinu taldearekin egin zuena. Orduan, Carl Bohm-en Sarabanda interpretatu zuen bakarlari gisa. Bestea, 2019ko azaroan Legazpiko Bandarekin interpretatutako Schindlerren Zerrenda-rena da.
Legazpiko eskusoinu taldearekin urte ugari aritu da, eta orain Nare euskal musika taldeko partaidea ere bada Iriarte.