Legazpiko HAPOri buruzko formazio saioak gaur hasiko dira, EH Bilduk antolatuta
Unai Fernandez de Betoño arkitektoak plan orokor bat zer den azalduko du, eta herritarrek non eragin dezaketen zehaztuko du. Hitzordua Kultur Etxean da, 18:30ean.
Etorkizuneko Legazpi marrazteko formazio saioak izenburupean EH Bilduk antolatutako hitzaldi sorta gaur hasiko da. HAPO edo Hiri Antolamendurako Plan Orokorra berritzen hasia da udala, eta horren inguruan hiru saio prestatu ditu, ekarpenak egiteko “komunitatea eta herritarrak oro har” formatzeko helburuarekin, koalizioko Legazpiko kidek azaldu dutenez.
Lehene saioa gaur bertan izango da, 18:30ean, Kultur Etxean. Unai Fernandez de Betoño arkitektoak plan orokor bat zer den azalduko du, eta herritarrek non eragin dezaketen zehaztuko du, beti ere Legazpiko egoera ardatz hartuta. Fernandez de Betoño EH Bilduko hirigintzako idazkari nagusia eta legebiltzarkidea da.
Bigarren saioa otsailaren 15ean izango da, 18:30ean Kultur Etxean. Patxi Galarragaren esku egongo da. Hori ere arkitektoa da, eta Projekta Urbes enpresako sortzailea. Galarragak HAPOn esparru soziala txertatzeko bide eta tresnen inguruan hitz egingo du. Besteak beste, hirigintzan dagoen genero ikuspegia edo hiri eta auzo osasungarriago eta bidezkoagoak nola sortu azalduko ditu.
Azken saioa ingurumenari eta landa eremuari buruzkoa izango da, eta martxoaren 1ean izango da. “Kontuan izanda Legazpiko azalera nagusia landa eremuan kokatuta dagoela, ezinbestekoa iruditzen zitzaigun gai hau esplizituki lantzea”.
Formazio saio horien ondoren, EH Bildu bere komunitatearekin elkartuko da, eta “hausnarketa saioak” bideratuko ditu HAPOri egin beharreko ekarpenak lantzeko. Lan saio horietan ikasitakoa aplikatuko da eta “etorkizuneko Legazpi irudikatuko dugu, bizigarria eta erakargarria”.