Senior taldeak ilusioa berpiztu du Legazpiko eskubaloi zaleen artean
Euskadiko lehen mailara igotzeko fasea jokatzeko aukera dute Laubide Jatetxeko mutilek. Manolo Mugerza entrenatzailea pozik dago lortutakoarekin. Eskubaloi eskola indartu nahi dute
Legazpiko La Salle eskubaloi klubeko Laubide Jatetxea mutilen senior taldea kategoriaz igotzeko bidean sartuta dago. Euskadi mailako bigarren mailatik lehen mailara igotzeko aukerak ditu, eta COVID-19ak apaldutako ilusioa berpiztu du horrek zaletuen artean azken asteotan.
Manolo Mugerza da taldeko entrenatzailea, eta eskubaloiarekiko ilusio berpizte horren lekuko zuzena. «Egia esan, oraindik ez gara igoera fasera iritsi, plaza bat lortzeko lehian ari gara oraindik», azaldu du, «baina denboraldi honetarako genuen helburua lortu dugu, kategoria mantentzea zelako, eta pozik gaude orain artekoarekin». Helburu «apal» horren arrazoia ere eman du: «Urte eta erdi egon gara entrenatu eta jokatu gabe, hala erabaki genuen pandemiagatik. Eta horren ondoren jokatzen hasi ginenean, gure multzoko bigarren geratu ginen».
Postu horren ondorioz sartu da igoera fasea jokatzeko bi plazetako bat eskuratzeko lehian. «Lehenengo jardunaldian faboritoari irabazi genion, Elgoibarri», gogoratu du entrenatzaileak, «eta hura egundoko bultzada izan zen!». Asteburu honetan Aloña Mendiren aurka jokatuko dute, Oñatin. Aste Santuaren aurreko asteburuan amaituko da ligaxka, eta orduan ikusiko da Laubide Jatetxeak igoera fasea jokatuko duen.
Legazpi, eskubaloizalea
Legazpin eskubaloiak beti izan ditu jarraitzaile asko, baina senior mutilen denboraldiaren ondorioz, zaletasuna areagotu egin dela dio Mugerzak. «Elgoibarren aurkako partidan, sekulako giroa zegoen Bikuña kiroldegian. Publikoarekin ez dugu batere kejarik, edozein mailatako partidetan beti dago jendea!».
Hala ere, pandemiak eskubaloiari kolpe latza eman diola aitortu du, «askok utzi egin diote jokatzeari». Infantil mailako talderik ez dute osatu, adibidez, eta eskubaloi eskolak garai batean zuen indarrik ez duela dio, «eskola ezinbestekoa da harrobia osatzeko. Ea 2008an eta 2009an jaiotako neskak eta mutilak animatzen diren. Asteazkenetan dira saioak, Bikuñan, 19:00etatik 20:00etara».
Laubide Jatetxea taldea osasuntsu dago behintzat. Hogei jokalariz osatuta dago.«Beteranoren bat edo beste badago, baina talde gaztea da, eta oso gustura nago guztiekin». Bera da entrenatzailea, Miguel Aparicio eta Aitor Altunaren laguntzarekin.
Mugerza 14 urterekin hasi zen eskubaloia jokatzen, eta soldaduzkara joandakoan utzi zuen lehia. Geroztik, entrenatzaile izan da, eta kategoria guztietako neskak eta mutilak entrenatu ditu. Taldeetako ordezkari eta klubeko zuzendaritzako kide ere izan da La Sallen.
Urola eta Ordizia, Euskadiko 2. maila jomugan jarrita
Goierriko beste bi taldek ere badituzte hurrengo denboraldiari begira mailaz igotzeko aukerak. Gipuzkoako Lurraldeko lehen mailan dauden Urola Laztimendik eta Siglo XX Plater Prestatuak Ordiziak amaitu dute txapelketaren lehen fasea, eta Euskadiko bigarren mailara igotzeko fasean sartzeko lehian sartu dira.
Ormaiztegik, berriz, Gipuzkoako Lurraldeko lehen mailan jarraituko du.