Enpatia landu behar gizartean lekua egiteko
Jesus Mari Guzman Raposori Arreta gabeziaren nahasmena eta hiperaktibitatea diagnostikatu zioten. Bere bizipenak elkarbanatu ditu, «tabuak apurtzeko eta gaixotasuna ezagutarazteko».
«Zer gertatzen zait?», galdetzen zion behin eta berriz Jesus Mari Guzman Raposo haurrak bere buruari. Psikiatra batek artatu zuenerako koskortu zen. Arreta gabeziaren nahasmena eta hiperaktibitatea diagnostikatu zioten. «Horrek, tablero erdian kokatzen lagundu zidan», dio. Bere bizipenak elkarbanatu ditu, «tabuak apurtzeko eta gaixotasuna ezagutarazteko».
AGNHa jatorri neurobiologikoa duen nahasmendua da. Nerbio sistemari erasaten dio eta pertsonaren garapena oztopatzen du. Ondorioz, ikasteko eta harremanetarako zailtasunak izaten dituzte, besteak beste.
Guzmanen ustez, berezko oztopoak handitu egiten ditu gizarteak, «ezjakintasunagatik». «Asko dago egiteko», dio, aurrera pausoak eman direla ezkutatzen ez duen arren. Goierrin bizitzeak ere kalte egin diola uste du. Eskualdeak herri txiki baten gisan funtzionatzen duelako gizarteraztea are zailagoa dela sentitzen duelako. Enpatia «apur bat» eskatu du. «Enpatia eta laguntza. Gutxi asko da ni bezalako jendearentzat», zehaztu du. «Ez beldurtu».
«Denen artea» sindrome neurobiologoak dituzten pertsonak eroso sentituko diren «mikroespazioak» sortzeko eskaria egin du. Txiki asko, «makro» bilakatu arte; gizarte osoan eroso sentitu arte. «Gizartearen parte gara. Ez gara arrotzak».
Instituzioei hezkuntza sistema egokitzeko deia egin die. «Ni ikaslea nintzenean sistema ez zegoen prest. Eta egun, zalantzak ditut». Arreta mantentzeko dituzten zailtasunengatik segidak memorizatzea ez da lan erraza. «Alperra nintzela esaten zidaten, motza. Hezkuntza sistemak kalte egin zidan lagundu baino».
Egun erabat kontrako joera ere badagoela sentitzen du, gaindiagnostikoena. Haur bat mugitua denean arinkeriaz hiperaktibitatea egozten zaiola dio, txikikeria balitz bezala. Behar bezala diagnostikatzeko profesionalekin hainbat urrats eman behar direla defendatu du.
Buruko osasuna modan dagoela dio, baina auzia azalean gelditu dela. «Soilik pertsona ospetsuak ikusten ditugu haien kasuak azaltzen. Eguneroko pertsonak garenean ez gaude erdian. Tratua ez da iguala. Badirudi ospetsua izan behar zarela elkartasuna sentitzeko», salatu du.
Batasuna
Sindrome neurobiologoak dituzten laguntzat itxaropen mezua du. Batzeko deia egin du. Guzman ADAHIGIko kide da, AGNHak erasandako gipuzkoarrak batzen dituen elkarteko kidea. «Taldean babestuago sentitzen zara. Zu bezalako jende gehiago dagoela ikusteak lagundu egiten du». Lagundu edo arindu. «Argi dago ez zarela amesgaiztotik esnatuko. Baina horrekin bizitzen ikas dezakezu eta itxaropena dago beharrezko tresnekin. Zergatik ez?». AGNHa gaixotasun kronikoa da.