«Nor gara, bada, gure esentziari kasurik egiten ez badiogu?»
Maider Mujikak (Segura, 1991) «bide alternatibo bat» topatzen duen Izar protagonistaren kontakizuna egin du 'Hija de la causalidad' eleberrian. «Pentsaraztea» du helburu.
‘Hija de la causalidad’ eleberria argitaratu duzu. Nola aurkeztuko zenuke? Zer esango zenieke irakurri nahi dutenei?
Bizitzari beste begi batzuekin begiratzeko prest egoteko. Ez da bizitza hankaz gora jarriko dien liburua, baina bai, agian, bizitzako zenbait arlotan dardara sortuko diena. Liburua azken finean emakume gazte baten bizitzako kontakizuna da, zenbait zalantzaren aurrean, bide ‘alternatibo’ bat hartzen duena. Ez gizarteak berarendako prestatuta zuen bidea, baina bai ordea, bera egitera etorri den bidea.
Zure historia pertsonaletik zenbat dauka Izar protagonistaren kontakizunak?
Ez da autobiografia bat, oso urruti dago Izar Maider izatetik, baita Maider Izar izatetik ere, bi izaki ezberdin baitira. Nire sentimendu batzuk bertan aurkitu daitezke, baina ez nireak bakarrik. Honekin esan nahi dudana da, bide honetan hasi nintzenetik, jende askorekin egin dudala topo eta zenbait sentipen elkarbanatu ditugula bidaian. Hori horrela izanik, eta liburuarekin lortu nahi nuena jendeari barruak mugitzea izanik, sentimendu hauek nireak eta beste pertsona askorenak direla esan dezaket. Beraz, zenbat du Izarrek, edo liburuak berak, nire istorio pertsonaletik… ezer ez eta dena aldi berean.
Zein da liburuaren helburua?
Nire proiektu pertsonalaren (@yoga.revolucionholistica) fruitua da liburua, eta beraz, helburu bakarrarekin dago egina, irakurtzen duen pertsona orori pentsaraztea. Modu automatiko batean bizi gara, ez diegu gauzei bueltarik ematen, etorri bezala hartzen ditugu, eta baita joaten utzi ere. Zenbait gauzekin kontzienteago egiten gara, baina azken finean gizarteak uzten digun abiaduran goaz, hau da, gizaki guztiok abiadura berean, olatu berdinak surfeatuz. Bakoitza ordea, bere bidea egitera etorri da, nola da posible guztiok bide bera egin nahi izatea? Nola da posible guztioi gauza berdinek betetzea? Honek erantzun bakarra du, ez da posible. Geure burua isiltzen dabiltza jaio ginenetik, eta gu, eurek nahi dutenaren fruitu gara, ez ordea gure esentziaren fruitu. Eta nor gara, bada, gure esentziari kasurik egiten ez badiogu?
Nolakoa izan da prozesua? Laguntzarik izan al duzu?
Nire ikaskuntza guztien laguntza izan dut. Orain dela urte batzuk ez zen nire planetan inondik inora sartuko horrelakorik, gaur ordea, errealitate da. Prozesua isila izan zen, nire barrenekoa, inori esan gabe eramandakoa. Ez nuen nahi kanpoko interferentziek nire errealitatea aldatzerik, beraz, behin liburua eskuetan nuenean hasi nintzen nire ingurukoei esaten eta erakusten, familiatik hasita. Eta euren aurpegiak ikustean prozesu guztiak merezi izan zuela sentitu nuen. Babesa askotan ez baita egiten laguntzea, baizik eta hor daudela jakitea.
Metafisika espirituala lantzen duzu. Idazlea zara?
Idazle baino, oraintxe burura datorkidan hitza mezulari izango litzateke. Nire helburua mezu bat jendearena helaraztea da, eta horixe da liburuarekin egin nahi dudana, mezu hori zabaldu. Zein da mezua? Mezu berbera pertsona batena edo bestearena ezberdin iritsiko da, norbera aurkitzen den egoeraren araberakoa izango da, beraz, ez dago mezu bat dela esaterik. Laburbilduz ordea, esan dezaket, ‘aldamenean dugun zarata isilarazi eta barruarekin birkonektatzea dela guztiaren giltza’. Hori ulertzean, erori beharrekoa eroriko da, eta eraiki beharrekoa eraiki.
Yogarevolucionholística.com webgunea sortu duzu. Zertan datza proiektuak?
Bai, nire umetxoa dela esan dezaket. Aspalditik nabil proiektu honetan lanean, baina gauza potoloek bere denbora behar dute, eta nire bidea, bide ‘konbentzionaletik’ urruti dagoenez, bere denbora hartzen ari da. Momentu luze bat egin nuen bakarrik, baina komunitate bat sortzeko nahia sentitu nuen, batek gehiago egin dezake beste batzuen bultzadarekin, nik lortu nahi dudana lortzeko, beste profesional batzuek egiten dutenarekin konplementatuz gero, errazago lortu daitekeela uste dut. Beraz, lehengo urtean bi emakumerekin kontaktatu eta proiektuarekin sintonian zeudela ikustean, nirekin bateratzea erabaki zuten.
Klaseak eta erretiroak antolatu izan dituzu. Goierrin baten bat egiteko asmorik duzu?
Oraingoz ez dago ezer, ez daukat ezer buruan ere, baina zer sortu daitekeen denborak esango dit. Orain, sortze prozesu batean nago, Metamorfosi izeneko kurtso bat sortzen ari bainaiz, horixe bultzatzen duena, pertsonaren metamorfosia, ar izatetik tximeleta izatera pasako den prozesuan lagunduko dion kurtsoa. Hori online izango da.