San Blas opilak bedeinkatzeko prest
Ohitura horrek lehen adinako indarrik ez badu ere, bada oraindik eusten dionik. Arbolak landatzeko garaia ere bada. Nekazal Kooperatiban aukera handia daukate.
Lainopean eguerdi aldera arte 1-4 gradu artean egin zen atzoko azoka. Atzo Kandelario eta «ez bazion elurra dario» ere, hotz. Aste pare batez edo, plaza inguruan babesteko plastikoa jarri zuten. Azken aste hauetan ez eta horrelakoetan dena behar. Gaur San Blas, garai bateko bedeinkazio ohiturak ez dute lehen adinako indarrik baina halere iritsi orduko entzun genuen «kandelak baditut etxean gaur bedeinkatzeko eta bihar jatekoekin joango naiz» asteroko Fermina bezero finak. Aproposa Maite Iturbe okinak zuen San Blas opila.
Behin otsailean sartuta egunaren luzapena, ereite eta landatze kontuak aipatzen hasten da jendea. Ilarra eta baba gehienek ereinda ez ezik, landareak handitzen hasiak ere badituzte.
Negutegian patata ereinda duenik ere bada. Goiz da oraindik, hamabost egun barru ekarriko duela hazitako patata aurreratu digu Jabier La Callek. Bestalde, atzo ia lehen tipulinak salgai, gutxi oraindik eta segituan saldu zituen Edurne Jauregi Baliarraingoak.
Zuhaitz landareak
Arbolak landatzeko garaian gaude. Aurten ez da saltzailerik propio etorri. Aldiz, aukera zabala dute Goierriko Nekazal Kooperatiban. Multzoka sailkatuak dituzte A multzoan (10,95 €) sagarra, irasagarra, mertxika, nektarina, arana.
B multzoan (11,95 €) hurra, intxaurra, gaztaina, gerezia. C multzoan (19,60 €) tropikalak, mangoa, aguakatea, kiwia. Zitrikoak (21 €) limoia, laranja, mandarina, lima. Olibondoak ere badituzte (17,75 €).
Izaskun Altuna arduradunak esaten zigunez «gehien saltzen direnak hemengo betikoak dira sagarrak, intxaurrak… Geroz eta zitriko gehiago ere bai. Itsasondoko Urkin esate baterako hamar bat limoi arbola badituzte eta hemen ere saldu izan dugu hango limoia». Bi-hiru urteko landareak dira eta laugarren urtean fruituren bat edo beste eman ohi dute. Bizkaitik ekarriak dira gehienak. Denda hau oso lotua da feriarekin. Plazako bezeroek eta saltzaileek asteazkenetan dendara bisita bat egitea oso ohikoa da. 1920an bete zituen ehun urte, sindikatoa ere esaten diote askok.
Bestalde, txertatze garaian ere bagaude eta erretxina astero da azokan, Arantxa Zurutuzaren postuan, salgai.