Xabier Isasaren ametsetako debuta
Xabier Isasa txirrindulariak joan zen ostegunean egin zuen debuta profesional mailan, Euskaltel-Euskadi taldearekin. Larunbatean, bigarren lasterketan, mendiko sailkapena irabazi zuen.
Xabier Isasa txirrindulari urretxuarrak dohain bikainak dituela uste dute adituek eta, hala, Euskal Herrian ohi dena baino lehenago eman du saltoa profesional mailara: 20 urterekin bakarrik. Urretxuarrak ez ditu bere aldeko apustua egin dutenak gaizki utzi. Ezta gutxiago ere. Bi egun bakarrik behar izan ditu podiumera igotzeko.
Isasak Mallorcako Challengean egin zuen debuta, joan zen ostegunean. Proba honek bost lasterketa zituen eta urretxuarrak hirutan parte hartu zuen: ostegunekoan, larunbatekoan eta igandekoan. Larunbatekoan eguneko ihesaldian sartu zen eta mendi sailkapena irabazi zuen. Igandekoan ere ihesaldi bat harrapatu zuen eta helmugatik bost kilometrora harrapatu zuten.
Isasa gustura ageri da, noski. Lehenengo egunean bertan, ihesaldia harrapatzen saiatu zen. Ausardia behar da gero, profesional mailako lehen egunean ihesaldi batean sartzen saiatzeko. «Taldearen helburuetako bat ihesaldietan sartzea zen eta nik ere asmo hori nuen. Ostegunean ihesaldia harrapatzen saiatu nintzen eta ia lortu nuen. Larunbatean, berriz, ihesaldian sartzea lortu nuen eta espero baino hobeto aritu nintzen. Ihesaldia 20. kilometro inguruan sortu zen. Jende askok zuen ihesaldia harrapatzeko gogoa eta dezente kosta zen ihesaldia sortzea. 100. kilometroa arte egon ginen ihes eginda. Ihesaldiko kide guztiak errodadoreak ziren», azaldu du urretxuarrak.
Amore eman behar izan zuten. «Etapa menditsua zen eta Alejandro Valverde zen faboritoa. Bora taldeak ere txirrindulari egokiak zituen eta Movistar eta Bora taldeek kontrol lana egin zuten. Ez ziguten utzi hiru minututik gorako aldea hartzen», aipatu du.
Isasak eta bere iheskideek ez zuten helmugara ihes eginda lortzea lortu, baina ihesaldiari zukua atera zion: eguneko mendiko sailkapena irabazi zuen eta lasterketaren amaieran podiumera igo zen saria jasotzera. «Ez nuen espero, baina aukera suertatu zen eta mendateetan puntuak lortzea erabaki nuen. Oso gustura nago», esan du urretxuarrak.
Taldeko zuzendariak ere gustura daude Urretxuko txirrindulariarekin. «Zuzendariak oso pozik zeuden, ihesaldian sartu nintzelako eta saria lortu nuelako. Gainera, egun horretan Mikel Bizkarra taldekideak postu ona lortu zuen. Horrela jarraitzeko esan ziguten».
Hala, igandean ere, azkeneko egunean, Isasak ihesaldi bat harrapatu zuen. «Helmugatik 25 kilometrora ihes egin nuen, Caja Rural taldeko txirrindulari batekin. Helmugatik bost kilometrora harrapatu gintuzten. Taldearen maillota erakusteko balio izan zuen».
Oso gustura dago egindako lanarekin. «Ez nekien nola hasiko nintzen, baina dena primeran joan da. Espero baino hobeto. Urtarrila hasieran koronabirusa pasa nuen eta zalantzak nituen, baina beharbada egun horietako atsedena ondo etorri zait. Hasieran, inpresio pixka bat ematen du Valverde bezalako txirrindularien ondoan egoteak. Errespetatu egiten ditut, baina oso motibagarria da».
Hurrengo lasterketak Espainia hegoaldean izango dira. «Murtziako itzulian (otsailak 12), Almeriako klasikoan (otsailak 13) eta Andaluziako itzulian (otsailaren 16tik 20ra) parte hartuko dut. Hurrengo 20 egunetan ez dut lasterketarik izango. Euskal Herriko Itzulian parte hartzea gustatuko litzaidake, baina oso zaila izango da. Munduko lasterketa onenetako bat da eta oso zaila da 20 urterekin parte hartzea».