Zerbitzu berriak jarri eta «ertzak erdira ekartzea» da Zaldibian 2022rako ideia
Udalak 2 milioi pasako aurrekontua izango du, asteleheneko batzarrean onartua. Plaza berria diseinatzea izango da urteko lan bat. Obren fasea bukatuta, «pertsonengan zentratuko» dira
Zaldibiako Udalbatzak asteleheneko batzarrean onartu zuen udalaren 2022ko aurrekontua, EH Bilduren aldeko botoekin eta EAJren abstentzioarekin. Guztira, 2.042.687,81 euro izango ditu, inbertsioetarako 155.475 euro bideratuta zuzenean. Horrez gain, ordea, «beste hainbeste» inbertitzeko modua egongo dela aurreratu du Eztitxu Mujika alkateak, Udal Finantzaketarako Foru Funtsaren igoerak, COVID funtsak (55.034) eta udal soberakinak ahalbidetuko dutelako.
Lehengo ostiraleko herri batzarrean iragarri eta alkateak atzo berretsi zuenez, 2022rako helburua nagusitzat «ertzak erdigunera ekartzea» hartu du, adineko, haur, gaztetxo, etorkin eta emakumeak ardatz izanda; kulturalki herri «bizia» mantentzea, ekologia eta landa garapena, eta bertako zerbitzuei zuzeneko kontratazioz eustea dira beste bide-markatzaile batzuk.
2019-2023 agintaldiko azken urte osoa izango da, eta «pertsonengan eta kolektiboetan zentratu» du aurrekontuen nolakotasuna udal gobernu taldeak. Obra handien fasea amaitutzat eman du, nahiz eta mantentze, berritze eta hobekuntza lan zerrenda bat prestatu.
Plaza gorpuzteko urtea
Behin udaletxe berria altxatuta, zaharra botata eta haren orubea plazarentzat irabazita, Zaldibiako plaza eta inguru osoa berdefinitzeko lanketari helduko dio aurki udalak, 40.000 euroko saila bideratuta. Eraberritze aurreko prozesua bi zatitan banatuko dute. Uztailera arte formazio eta hausnarketa fasea izango da. Hilero, gai bat hartu, eta haien jarduna herriak eta arkitekturak nola erraztu edo hobetu dezaketen aztertuko dute. Otsailean zaintza hartuko dute objektu, martxoan feminismoa, apirilean haurrak eta gaztetxoak…
Uztailean, arkitektura ikasleen bisita bat antolatuko dute plazaren proiektuaren bueltan. Ondoren, irailetik aurrera diseinatze lanari ekingo zaio.
Aurrekontuan sartutako inbertsioez gain, beste batzuk egiteko aukera ere izango dela aurreratu dute Mujika alkateak eta Mikel Luloaga zinegotziak. Inbertsio-ahalmen gehigarriarekin, udaletxeko teilatuan eguzki-plakak instalatu, udal brigada taldearentzat auto elektriko bat erosi, edota antzokian hobekuntzak egitea aipatu dituzte.
Zerbitzu berriak ezarri
Aurtengo urterako, zerbitzu publiko berriak martxan jartzea da udalaren beste asmo bat. Beti-Gazte elkarteko taberna otsail honetan zabalduko du esleipendunak. Hirugarren adinekoen arretarako zerbitzuari ere bultzada eman nahi diote, iaz aurkeztu ondoren.
Hondakinen bilketan, sortzearen bidezko tarifikazio sistema martxan jarri nahi dute. Bestetik, herri bideen inbentarioa egiteko dirua bereizi dute (18.000), zein diren izaera publikokoak, zein pribatukoak eta zein pribatuak baina erabilera publikodunak zehazteko. Udaberrian edo udan hasi nahi dute lanketa horrekin, herritarrekin batera egin beharreko batzarrak deituta.
Bestetik, gogorarazi dute otsailaren 11ra arteko epea dagoela udal komunikazio, zerbitzu eta partaidetza-bideei buruzko inkesta betetzeko. Herritarrek beharrak eta iritziak esan ditzakete, paperean nahiz on-line.
Eraso sexisten aurrean jokabideak finkatzeko protokoloa osatzea, formazio feministarekin hirugarren urtez jarraitzea (zaintzaren gaia landuko dute), haur jaio berriei ongietorri ekitaldia egitea, eta haurren eta gaztetxoen parte-hartze gune modura kontseilu bat sortzea aipatu dituzte beste egiteko batzuk.
2022rako zenbait lan
KIROLA
· Frontoiak hobetzea. 16.000LANDA GARAPENA
· Bide konponketa. 20.000
· Biodibertsitate proiektua. 13.987
· Herri bideen inbentarioa. 18.000HIRIGINTZA
· Plaza eraberritzea. 40.000
· Bideen seinalizazioa. 6.500
· Udaletxe berriaren mailegua. 71.000GIZARTE ARLOA
· Berdintasun arloa. 11.750
· Aniztasun arloa. 1.500
· Elkartasun diru laguntzak. 1.950ZERBITZUAK
· Ur sareko konponketak eta kontagailuak. 35.000
· Ur sareko arazketa. 60.000
· Goroskindegiko ur depositua. 30.000
· Energia auditoretza. 18.100