Goierriko bost herrik bat egin dute landa lurrak digitalizatzeko aldundiaren proiektuarekin
Zegaman aurkeztu dute Foru Aldundiaren ekimena; 2.000 hektareatik gora digitalizatu dituzte bertan. Ataun, Olaberria, Zumarraga eta Legazpi ere sartu dira egitasmoan.
Gipuzkoako Foru Aldundiak landa eremuko lursailetako mugak digitalizatzeko programa aurkeztu du Zegaman. Lurralde osoko 9 udalerri dabiltza lanean haien landa lurrak digitalizatzeko: Ataun, Olaberria, Orexa, Mendaro, Zumarraga, Azkoitia, Abaltzisketa, Legazpi eta Zegama. Aldundiak gastuen erdia hartuko du bere gain, eta udalerri bakoitzak beste erdia. Programaren bidez 10 urteko epean Gipuzkoako landa-lurzoru osoko lursailen mugak digitalizatzea aurreikusi du aldundiak.
Zegama aitzindarietako bat izan da programa martxan jartzen, 2019an ekin baitzion. Orain arte 2.000 hektarea digitalizatu dituzte, eta bigarren fasean gainerako lursailak kartografiatuko dituzte. Aldundiak 30.000 euroko diru laguntza eman du lan horietarako. Joseba Izagirre Zegamako alkatearen esanetan, «nahitaez» egin beharreko lana da: «Ez dakigu lursailak non hasten eta amaitzen diren. Prozesua amaitzean, informazio guztia euskarri digitalean jasota izango dugu». Mugarriak GPS bidez jasoko dituzte. Muga lerroaren ibilbidea egin eta posizio puntuak hartuko dituzte mugaren izkinetan.
%90, landa lurra
Markel Olano diputatu nagusiak adierazi du ekimenarekin «lurjabeentzako nahiz erakunde publiko guztientzako informazio baliotsua» izango dutela eskura, eta «errazagoa» izango dela «Gipuzkoako landa ingurunea kudeatzea eta sustapen eta plangintza politika eraginkorrak ezartzea». Gipuzkoako lurren %90 landa lurra da. Aldundiak diru laguntzen deialdia egingo du urtero, 10 urtez. 3 milioi euroko inbertsioa aurreikusi dute, 300.000 euro urtean.
Gainerako jarduerak
Mugarriez gain, Zegaman Landagipuzkoa programaren barruan egindako bestelako jarduerak ere aurkeztu dituzte. 2.500 biztanletik beherako udalerrietan Internet zabaltzeko programa jarri zuen abian aldundiak 2018an. Dagoeneko 61 baserritan banda zabal ultra-azkarreko Interneteko konexioa jarri dute, eta 2023an beste 13 baserritan jartzea aurreikusi dute. Lan horietan 4,83 milioi inbertitu ditu aldundiak. Zegamako landabideen berritzea ere izan dute hizpide. Iaz Altzibar Errotan egin ziren lanak, eta Gosategin eta Iruetxetan 2019an, 55.000 euroko diru laguntzarekin. Denera, landa bideen 300 kilometro baino gehiago berritu dira. Olanoren hitzetan, «lurraldeen arteko kohesioa eta oreka aktibo bat dira berdintasunean oinarritutako etorkizuna eraikitzen jarraitzeko». Aldundiak programaren bidez «hiri eta herrietakoekin homologagarriak diren zerbitzuak eta ongizate maila bermatzea» du helburu.