San Martin egunak eta otsaileko azokak bat egingo dute
Loinazko San Martin eguna otsaileko lehen larunbatean erori da aurten, eta hilabeteko azoka bereziarekin kointzidituko du. Poltsa bertako eta garaiko produktuez betetzeko moduko azoka izango dela gogorarazi du Beasaingo Udalak.
Neguko produktuak izango dira protagonista: brokolia, azalorea, romaneskoa, aza, baratxuri freskoa, azelga, espinaka… Gozoak, ogiak, loreak, artisau produktuak… ere salgai egongo dira, ohiko legez.
Bezeroen artean azokako produktuekin hornitutako bi saski eta Igartza bisitatzeko bina sarrera zozketatuko dituzte. Zuzeneko musika ere izango da.
Hilabeteroko azoka bereziak 2022an bost urte bete ditu. Udalak gogoratu du bertako ekoizleen lana plazaratzeko balio duela, eta herritarrei erosketak bertan egiteko deia egin diete.