Bi pilota partidetan urdinak garaile
Emakumeen Eusko Label Binakako Txapelketa Nagusiko Lehen Mailako bi pilota partida jokatu dituzte gaur Lazkaon. Zelaia-Lopez eta Iturriaga-Egaña izan dira irabazleak.
Emakumeen Eusko Label Binakako Txapelketa Nagusiko Lehen Mailako bi pilota partida jokatu dituzte gaur Lazkaoko plazako frontoian, Ados Pilota emakume pilotari profesionalen lehen klubak antolatuta.
Jaialdia hasi aurretik, 11:30ean, Lapke pilota eskolako haurrek partida bat jokatu dute, eta eguerdia pasatxo zela hasi da txapelketako lehena. Zelaia-Lopez bikoak 22-17 irabazi die Kortazar-Ezeizari. Partida lehiatua izan da, eta tanto dotoreak ikusi ahal izan dira.
Bigarren partida, Iturriaga-Egaña Iantzi-Etxenike bikoen artekoa, ordubatak jota hasi da eta ordu erdi pasa iraun du. Lehenak nagusitu dira, 22-12. Bikote urdinak eskarmentu gehiago erakutsi du kantxan, eta estutasun handirik gabe atera dute partida aurrera.
Emakumezkoen kirola ikusarazteko eta bertako pilotariei erreferentziak eskaintzeko antolatu dute jaialdia Lazkaon, eta jende mordoxka inguratu da.
Txapelketaren finala Azkoitian jokatuko da, otsailaren 27an. Euskal Herriko emakume pilotaririk onenak ari dira txapelketan, Lehen Mailako zazpi eta Promozio mailako beste lau.