EH Bilduko HAPOren inguruko formazio saioak antolatu ditu
Legazpiko EH Bilduk ere herritarren partaidetza bultzatu nahi du HAPOren berrikuspenerako. Hori dela eta, hitzaldi sorta bat antolatu du herritarrak formatzeko. Guztien artean ekarpenak lantzea da helburua.
EH Bilduk ere herritarrei gerturatu nahi die HAPOren berrikuspen prozesua, eta Etorkizuneko Legazpi marrazteko formazio saioak izenburupean hitzaldi sorta antolatu du, «komunitatea eta herritarrak oro har» formatzeko helburuarekin.
Lehen saioan, Unai Fernandez de Betoño arkitektoak plan orokor bat zer den azaldu zuen, eta herritarrek non eragin dezaketen zehaztu zuen.
Bigarren saioa hurrengo astean da, otsailaren 15ean, 18:30ean Kultur Etxean. Patxi Galarragaren esku egongo da. Hori ere arkitektoa da, eta Projekta Urbes enpresako sortzailea. Galarragak HAPOn esparru soziala txertatzeko bide eta tresnen inguruan hitz egingo du. Besteak beste, hirigintzan dagoen genero ikuspegia edo hiri eta auzo osasungarriago eta bidezkoagoak nola sortu azalduko ditu.
Azken saioa ingurumenari eta landa eremuari buruzkoa izango da, eta martxoaren 1ean izango da. «Kontuan izanda Legazpiko azalera nagusia landa eremuan kokatuta dagoela, ezinbestekoa iruditzen zitzaigun gai hau esplizituki lantzea».
Formazio saioen ondoren, EH Bildu bere komunitatearekin elkartuko da, eta «hausnarketa saioak» bideratuko ditu HAPOri egin beharreko ekarpenak lantzeko. Lan saio horietan ikasitakoa aplikatuko da eta «etorkizuneko Legazpi irudikatuko dugu, bizigarria eta erakargarria».