Panel interaktiboa jarri dute HAPOren berrikuspena herritarrei gerturatzeko
Kultur Etxeko sarreran instalatu dute informazio gune berria. Helburu berarekin, atal berezi bat sortu zuten iaz udalaren webgunean. HAPOren berrikuspena iaz abiatu zen
Legazpiko Udalak pantaila interaktibo bat jarri du Kultur Etxeko sarreran, HAPO Hiri Antolamendurako Plangintza Orokorraren berrikuspen prozesuari buruzko informazioa herritarrei helarazteko. Udalaren webgunean iazko azaroan horretarako espreski irekitako atalari gehitu zaio panel hori, «egiten ari garen aurrerapenei buruz herritarrak jakitun egotea beharrezkoa da». Panelaren instalazioak 5.832,20 eurokoa kostua izan du.
Iaz abiatu zuen udalak HAPO edo lurzorua hiritar, hiritargarri eta hiritarrezin sailkatzen duen udal hirigintza tresnaren berrikuspen prozesua. Prozesu horretan herritarren partaidetza aurreikusi du udalak, «herritarrak gure herriko hirigintza antolamenduaren oinarrizko baliabidea izatea nahi dugu, bere definizioan aktiboki parte hartuz etorkizuneko erronketara egokitzeko». Energia eta mugikortasuna, klima eta ingurugiroa eta demografia eta biztanleria dira etorkizunari begira kontuan hartu beharreko erronka horiek.
Panel interaktiboa
Etorkizuneko Legazpi definitzen herritarrek parte hartu ahal izateko «beste tresna bat» da Kultur Etxean jarritako panel interaktiboa. Edonork erabili dezake pantaila, eta webgunean dagoen informazio bera kontsultatu ahal izango du. HAPOren berrikuspen prozesuan egiten diren aurrerapenekin eguneratua izango da informazioa.
Momentuz, iazko irailean egin ziren parte hartze jardunaldietako informazioa, eta urrian egindako diagnosia eta diagnosi horren planoak daude jasota.