Bizikletak aparkatzeko bi gune estali egokitu ditu udalak
Bikuña kiroldegiaren ondoan dago bat, hamar plazarekin, eta Agirre-etxeberri parkean bestea, zortzi plazarekin.
Bizikletentzako estalitako bi aparkaleku egokitu ditu udalak Bikuña kiroldegiaren ondoan eta Agirre-etxeberri parkean. Kiroldegiko aparkalekuan 10 bizikletentzako tokia dago, eta Agirre-etxeberriko parkekoan zortzi toki.
Udalak azaldu duenez, 2018an onartu zuten Legazpiko Hiri Mugikortasun Jasangarrirako Planak bizikleta eta mugikortasuna uztartzen zituen atala jasotzen du, eta bertan bizikletentzako aparkaleku babestuak instalatzea proposatu zen, neguko hilabeteetan ere ibilgailu horren erabilera sustatzeko. Proposamen horri helduz egokitu ditu bi gune estali horiek orain.
Inbertsioaren kostua 11.111,48 eurokoa izan da. Horietatik 5.131,48 euro Parking Cartello, SL enpresak hornitutako ekipamendua erosteko erabili dira, eta gainerako 5.980 euroak, Iñatel, SLU enpresak egindako obra zibila ordaintzeko.
Lan hori egiteagatik, udalak diru laguntza bat jaso du Gipuzkoako Foru Aldundiko Mugikortasun eta Garraio Publikoko Zuzendaritza Nagusitik, 5.131,48 eurokoa, hain zuzen.