Oroimenarekin lotutako eskultura berria lantzen ari da Jose Luis Arzuaga
Idiazabalgo Urtsuaranen ikusgai izan dituen lanak Legazpiko tailerrera ekarri ditu. Behin betiko kokapenen zain dago. Lan berriaren maketa ari da egiten, egurrean
Idiazabalgo Urtsuaran auzoan lau hilabetez ikusgai izan eta gero, sortu ziren lekura itzuli dira Jose Luis Arzuaga eskultorearen bi lan. Elbarrena auzoko tailerrean daude orain, zain, etorkizunari begira, Arzuaga bera bezala. Legazpiarrak proiektu berri bat du esku artean, eta horretan dabil murgilduta azken asteotan.
Proiektu berri hori oroimenarekin lotuta dago, eta momentuz egurrarekin ari da probak egiten, maketa bat prestatzen ari da. Ez daki noiz amaituko duen, ezta non kokatuko den ere, baina lanean hasita da behintzat.
Mirandaolako Olagizona
Arzuaga arotza izan da lanbidez, eta berandu hasi zen harria zizelkatzen, baina orain arte egindako lanek arrastoa utzi dute, batez ere Olagizonak. Mirandaolako parkean dago, garai bateko olagizonei omenaldia eginez. Tarragonatik ekarritako kareharri zuriskan egindako eskultura ikusgarria da, 3,30 metroko altuerakoa, eta 3,5 tonako pisukoa.
Legazpiarra «oso pozik» dago Olagizonarekin, «jende askoren ahotan dabil, eta Mirandaolara joaten diren bisitari askok argazkia ateratzen dute ondoan. Kokapenarekin asmatu genuen, hantxe dago lirain eta zutik, eta urrutitik ikusten da…».
Olagizonaren eskulturarekin ia batera amaitu zuen urte batzuk lehenago egiten hasia zegoena, bere ama Juliana Aierberen bustoa. Lan hori, Ama izenekoa, Carrarako marmolean egina dago, eta Legazpiko Gizarte Zentroan egon zen ikusgai hilabete luzez, 2020an zehar.
Oraintsu, berriz ere ikusgai izan du, ama jaio zen Urtsuaran auzoan, gerrako emakumeei eskainitako eskulturarekin batera.
Gerrako emakumeak
Hori ere Ama deitzen da, eta saiatu da bere emaztea zen Kontxi Zalduaren aurpegia irudikatzen. «Antza baduela esaten didate. Begiradarekin, gizonak gerrara joan zirenean etxean gera- tu ziren emakumeen indarra eta kemena islatu nahi izan dut». Lasturretik (Gipuzkoa) ekarritako kareharri grisean egina dago, eta 1,68 metroko altuera du.
Idiazabalgo erakusketarekin aurkeztu du lan hori Arzuagak. Sanmigeletatik urtarrilaren amaierara arte egon da ikusgai bertan. Orain Legazpira ekarrita du, amaren bustoarekin batera. Biak behin betiko kokapenaren zain daude. «Gerrako emakumea bezala, zain nago ni ere, aurrera begira» dio.