Garapen jasangarrirako helburuekin lerrokatzen dira udal aurrekontuak
Nazio Batuek ezarritako helburuak aplikatzea ez da nahitaezkoa, baina «berezkotzat» hartu ditu gobernu taldeak. Aurrekontuetan jasotako 29 programetan dute isla
Urteak dira Legazpiko Udalaren jardunean eta kudeaketan ingurumena eta garapen jasangarria oso kontuan hartzen diren irizpideak direla. Sentsibilizazio horren erakusle, aurtengo udal aurrekontuekin udal gobernu taldeak egin duen ariketa: Garapen Jasangarrirako Nazio Batuek ezarritako 18 Helburuekin nola lerrokatzen diren erakutsi du. Koldobike Olabide alkateak azaldu du helburu horien lorpenerako udalaren ekarpena zein izango den.
Gobernu taldeak «berezkotzat hartzen ditu» helburu horiek, eta «nahitaezkoa ez den arren», udal kudeaketarako ezarritako hiru arloetan eta horien barruan zehaztutako 29 programetan txertatu ditu.
Bost helburu nagusiak
Garapen Jasangarrirako Helburuek osasuna, pobrezia, gosea, hezkuntza, berdintasuna, klima, kontsumoa edo bakea bezalako gaiak jasotzen dituzte, eta Euskal Herrian baita hizkuntza ere. Legazpiko udal aurrekontuetan helburu horiek guztiek dute lekua, baina alkateak bost nabarmendu zituen, partida ekonomiko handienekoak. Gastu osoaren %80 suposatzen dute.
Bakea, justizia eta instituzio sendoak aldarrikatzen dituen helburuak 2.561.391 euro eskatzen ditu aurrekontuetatik, eta bizikidetza, herritarren segurtasuna, kultura aniztasuna edo gardentasuna jorratzeko erabiliko dira.
Pobrezia desagertarazteko helburuak biltzen du bigarren partidarik handiena, 2.278.291 eurorekin. Hainbat kolektiboren kalteberatasuna, zahartze aktiboa, gizarte baliabideetarako sarbidea edo gizarte bazterketa egoeran dauden pertsonentzako prestazioen atalak izango dira diru horren jasotzaileak.
Hirugarrenik, 1.910.023 euro eramango ditu hiri eta komunitate jasangarriekin lotutako helburuak. Kutsadura atmosferikoaren prebentzioa, kultura parte hartzailea, etxebizitzen birgaitzea edo hiri berregituratzea lantzeko izango da dirua.
Beste 1.258.267 euro kalitatezko hezkuntzaren helburuaren gaietarako izango dira: hezkuntza eta gazteria programak, kultura eta jaiak, Eskola Agenda 2030, Euronet 50-50 proiektua hezkuntza zentroekin, Ikasgela edo kultur eta kirol taldeentzako eta gazteentzako udal lokalak.
Bosgarren lekuan osasunaren eta ongizatearen helburua dago, 1.019.973 eurorekin. Kirol programa, Mugiment kirol txartela, Gizarte Zentroko jarduerak, Iratzarrirena eta Legazpi Lagunkoia sartzen dira atal honetan.