Kultura energetiko berri baten bidean jarri dira Goierri garaiko lau udalak
Helburu hori duen 'Urola Garaian kultura energetiko berri bat denon artean konektatzen' ekimena aurkeztu dute. Energiaren inguruko informazioa, sentsibilizazioa eta formakuntza ditu ardatz.
Gaur Energiaren Nazioarteko Eguna dela baliatuz, Urola Garaian kultura energetiko berri bat denon artean konektatzen ekimena aurkeztu dute Ezkio-Itsaso, Legazpi, Urretxu eta Zumarragako lau udalek, Uggasarekin lankidetzan eta Gipuzkoako Foru Aldundiko Ingurumena eta Obra Hidraulikoak departamentuaren babesarekin.
Urola Garaia Mankomunitatea osatzen duten lau udalek energia eredu berri baterako bideari bultzada eman nahi diote horrela. Urola Garaiko Energia Planaren ekintzekin lerrokatzen da, gainera, ekimena.
Asensio diputatuaren hitzetan, “gure helburua Gipuzkoako eskualde guztiek tokiko ekintza planak gauzatzea da, lurraldearen jasangarritasun energetikorantz aurrera egiteko”. Horretarako, estrategia amankomun bat gauzatzea ezinbestekoa dela azaldu du, “Gipuzkoako gizartearen pobrezia energetikoa murriztu eta prebenitzeko, mendekotasun energetikoa txikiagotzeko eta CO2 emisioen maila gero eta baxuagoak lortzeko”. Energiaren alde lan egiteak “maila guztietako onurak” ekartzen dituela ere gehitu du, onura sozialak, ingurumenekoak eta ekonomikoak.
Hiru ardatzeko ekimena
Uggasaren lehendakari Jon Luquik, bestalde, “energiaren erabilera jasangarriaz kontzientzia hartzeko” deia egin du, eta Urola Garaian kultura energetiko berri bat denon artean konektatzen ekimena hiru ardatzetan oinarritzen dela azaldu du: informazioa, sentsibilizazioa eta formakuntza.
Energia sortzeko eta kontsumitzeko moduaz “hausnartzera eta aldaketaren beharraz konturatzera” bultzatu nahi dituzte herritarrak, eta horretarako, elkarlanean diharduten eragileak eta egiten duten lana ezagutaraztea izango da lehen urratsa. Dir-dir bonbilla berritsua izango da gidaria, eta horren eskutik egingo da “kultura energetiko berrirako bidea”. Informazioa herritarrei helarazteaz arduratuko da batez ere.
Gero sentsibilizazioaren atala irekiko litzateke. “Energia sistemak trantsizio prozesu bat hasi du energia sortzeko eta kontsumitzeko modu berri baterantz”. Horregatik, ekimenak energiari buruzko interesa piztea nahi du.
Hori guztia osatzeko, formakuntza ere izango da, eta Foru Aldundiak eskainitako tailerrak, hitzaldiak, bideo tutorialak edo gidak emango dituzte ezagutzera.
Luquik nabarmendu duenez, “energia kultura berrirako bidean, herritarrak prozesuaren parte izatea eta eskualdearen baldintzetara egokitutako ikuspegi eta irtenbideak definitzea giltzarriak izango dira”.