Garaipenak ihes egin dio Ampo Ordiziari
Bigarren zatian ordiziarrak aurrez joan badira ere, azken minutuetan Madrildarrek aurrea hartzea lortu dute.

Azken minutuetan ihes egin dio garaipenak Ampo Ordiziari, Madrilen, Alcobendasen aurkako partidan. Oso lehiatua izan zen partida osoa, eta bigarren zatian aurretik ere joan ziren Ampokoak, baina azken minutuetan etxekoek lortutako entseguari esker, Madrilen gelditu zen garaipena (35-30).
Madrildarrek aurrea hartu zuten markagailuan, Mauro Perottik egindako entsegu batekin. Iñigo Marotias eta Asier Pazosen jokalarie, ordea, aldea murriztea lortu zuten 18. eta 24. minutuan gauzatutako zigor kolpe banari esker. 31. minutuan aurretik ere jarri ziren, Julen Goiaren entsegu batekin; baina etxekoek beste bizigor kolperekin 15-13koa jarri zuten markagailuan, atsedenaldira joan aurretik.
Bigarren zatian, Oubiñak eta Matotok egindako entseguekin 18-27 aurretik jarri ziren Ampokoak, baina atzera ere, Madrildarrek aurrea hartu zuten 59. minutuan eta 61. minutuan lortutako entseguei esker. Goierritarrek ez zuten amorerik eman, ordea, eta gogor saiatu baziren ere, 77. minutuan iritsi zen partida erabaki zuen zigor kolpea, etxekoen alde. Azkenean, Alcobendasek 35-30 irabazi zuen.
Baja ugari izan arren, Ampo Ordizia bizirik mantendu da partida osoan zehar, eta lan handia eman diote etxeko taldeari. Laugarren postuan jarraitzen dute, 35 punturekin. Datorren asteburuan, euskal derbia izango dute Gernikan.