'HEDATU' proiektua aurkeztu du Uemak Aita Iparragirre Herri Eskolan
Umeak eta gazteak euskararen inguruan sentsibilizatzea eta ahalduntzea da proiektuaren helburua.

Uema Udalerri Euskaldunen Mankomunitateak ‘HEDATU arnasguneen inguruko hezkuntza proiektua’ aurkeztu du Idiazabalgo Aita Iparragirre Herri Eskolako Klaustroan. Udalak ere babesten duen proiektua da. Umeak zein gaztetxoak euskararen inguruan ahalduntzea eta sentsibilizatzea du helburu. Euskara transmititzeaz gain, euskaraz egiteko ohitura ere transmititu nahi dute, eguneroko zereginetan pauta batzuk zehaztuta. Ikasleena ez ezik, irakasleen “rola funtsezkoa” dela azpimarratu du UEMAk. “Gaiaz jakitun izatea eta haiek ere ahaldunduta zein sentsibilizatuta egotea”.
Hori lantzeko materiala erraztu du mankomunitateak. Haur Hezkuntzako ikasleentzako Pirritx, Porrotx eta Marimototsen lau ipuin prestatu dituzte, eta baita hizkuntza aniztasunaren inguruko Moko-Txiki album ilustratua ere. Lehen Hezkuntzako ikasleentzat, berriz, unitate didaktikoak eta saio bereziak prestatuko dituzte. Udalak jakinarazi duenez, eskolako irakasleen artean “harrera beroa” izan du proiektuak, eta gaia batzorde pedagogikoan sakonki lantzekotan geratu dira. “Ikasturtea hasita dagoenez, tailer eta zerbitzu batzuei heltzeko konpromisoa hartu dute aurtengorako, eta datorren ikasturteari begira plangintza osatzea”.