Igartza Literatura bekarako lanak aurkezteko epea bihar zabalduko da
Bekaren irabazleak 6.000 euro jasoko ditu, bi txandatan. CAFek 4.000 eurorekin lagunduko du eta Beasaingo Udalak eta Elkarrek, 1.000rekin
Igartza Literatura-sorkuntzako beka bihar abiatuko da. Proposamenak ekainaren 30era arte aurkeztu ahalko dira, Igunean edo Beasaingo Udalek erregistro elektronikoan. Epaimahiak bat hobetsiko du irailaren 15a baino lehen, hala badagokio; honek, 6.000 euroko laguntza jasoko du ideia garatu eta liburu formatuan argitaratzeko. Hori 2024ko udaberrian izango da.
Dirua CAFek, Beasaingo Udalak eta Elkar argitaletxeak jarriko dute. Tren ekoizleak 4.000 euroko ekarpena egingo du eta Udalak eta Elkarrek, bakoitzak, 1.000koa. Erdia irabazle izendatu bezain laster jasoko du eta beste erdia, idazlana amaitutakoan.
Parte hartzaileek 35 urte baino gutxiago izan beharko dute eta aurretiaz helduentzako bi lan baino gutxiago izan beharko dituzte argitaratuak. Igartza bekaren irabazleek ezingo dute errepikatu; narratibako lanak izan behar dira, eleberriak edo ipuin-bildumak. Euskaraz idatziak izan behar dira eta jatorrizkoak.
Aurkeztu beharreko agiriak honakoak dira: egilearen izen abizenak, nortasun agiriaren kopia, helbidea, harremanetarako posta elektronikoa eta telefono zenbakiren bat; landu nahi den kontakizunaren azalpena ere bidali behar da, bi eta lau orri bitartekoa. Sinopsia, egitura, estiloa… Zenbat eta informazio gehiago, orduan eta hobe; 15-20 orriko lagina ere atxiki behar da. Ez du hasiera izan beharrik, baina bai segidakoa.