Sagardoz bustitako bertso saio bikaina izan da Emaneurrek antolatutakoa
Iker Zubeldia zegamarrarekin batera Bizkaiko Txapelduna Nerea Ibarzabal eta Nafarroako Txapelduna Saioa Alkaiza bertsotan, Igor Eguren gai jartzen, eta 110 lagun izan ziren saioaz gozatzen. Emaneurrek eskerrak eman dizkie urte hautan guztietan bertso afaria posible egin duten guztiei.
Ia 10 urte igaro dira, Ordiziako Emaneurre taldeak Bertso Afaria lehenengoz antolatu zuenetik. 2012. urtean izan zen lehena, Asteburu Kulturalaren baitan egin zutena. Afal aurretik, Asto kalean hasiz, Ordiziako kaleetan bertsotan aritu ziren Txapi zegamarra eta Iban Urdangarin ataundarra, Tximista sagardotegira afaltzera joan aurretik. Hurrengo urtean ere, formatoa mantendu zuten, eta German Urteaga beasaindarra eta Joanes Etxaide zegamarra izan ziren bertsolari gonbidatuak.
Hurrengo urteetan eten bat izan zen, ez zuten bertso afaririk antolatu, nahiz eta euskal kulturaren eta euskararen alde lanean jarraitu zuen Emaneurrek, eta 2019.urtean, taldearen 10. urteurrenaren aitzakian berreskuratu zuten ekimena, arrakasta itzelarekin. Urte hartan, Maialen Lujanbio Euskal Herriko txapelduna eta berarekin batera Aitor Sarriegi eta Iker Zubeldia goierritarrak izan ziren bertsotan. Esandakoa, sekulako arrakasta izan zuten; horren isla, datu bat, 150 sarrera 4 egunetan saldu ziren.
Aurreko urtetakoak utzitako zapore onagatik, 2020 urtean, ez zuten hutsik egin. berriro bertsolaritzaren aldeko apustua egitea erabaki zutelarik. Urte hartan gainera Zaporeak elkartearekin elkarlanean antolatu zuten; Lesvosko errefuxiatuentzat bideratu zutelarik.
Ondoren, osasun larrialdia iritsi zen. Zailtasunekin baina etenik gabe, bai iaz, bai aurten, bertso afariak egin dituzte. Iazkoan, Iker Zubeldiak, Jon Maiak eta Oihana Iguaranek parte hartu zuten. Pandemia hasi zenetik antolatu zen lehenengo bertso afaria izan zen eta bertsolariek eta bertsozaleek ere asko eskertu zuten egindako Emaneurrek eta ekimena babestu zuten guztiek egindako ahalegina.
Azkena, ostiralean egin zuten. Bertsotan, Iker Zubeldia zegamarrarekin batera Bizkaiko Txapelduna Nerea Ibarzabal eta Nafarroako Txapelduna Saioa Alkaiza, gai jartzaile, Igor Eguren, eta 110 lagun saioaz gozatzen. Oso giro ona izan zen eta antolakuntza ere pozik geratu zen, saioa egonkortzen eta izena hartzen ari delako bertsozaleen artean. Bertan egoteko aukerarik izan zutenek, Goierri Telebistan eta ETB1eko Hitzetik Hortzera saioan ikusi ahalko dute saioa.
Urteotako errepasoa egin ostean, hasiera-hasiera ekimen hau babestu eta posible egin duten den-denei “eskerrak” emateko ere aprobetxatu nahi izan dute Emaneurreko kideek, lerro hauen bidez: “Emaneurreren aldetik eskerrak eman bertsolariei, Igor Egureni saioa prestatu, gidatu eta gai jartzaile lanak egiteagatik, Ordiz soinua fintzeagatik, Tximista Sagardotegiari beti bezala elkarlanerako prest egon zaretelako eta bertsozaleei ere eskerrik asko, emandako erantzunagatik”.












