Salbatoreko arkua sabotatu dute
Beasain eta Ormaiztegi arteko arkuko kableak moztu dituzte. Ertzaintzak dio funtzionamendua ez dela eten baina Gipuzkoako Foru Aldundiak dio "lehenbailehen" konponduko dutela
Salbatoreko arkuko kableak, moztuta A-636 errepideko Salbatoreko arkua sabotatu dute gaur goizean. Hainbat kable moztu dituzte. Gipuzkoako Foru Aldundiak sabotajea pairatu dutela baieztatu du, xehetasun gehiagorik eman gabe. “Lehenbailehen” konponduko dutela zehaztu dute eta ikerketa Ertzaintzaren esku dagoela. Poliziak, baina, salaketarik ez dagoela dio. Ertzaintzaren arabera arkuak etengabe kobratzen jarraitu du. Azpitik pasatzerakoan teleordainketa sistemak ez du abisurik igortzen, halere. Arkuak Beasain-Ormaiztegi arteko bidesaria kobratzen du.
Bidesariaren harira haserrea nabaria da. Hainbat protesta-ekintza egin dira bidesariaren aurka kanona jarri aurretik eta ondoren. Hilabete da errepidea ordainpekoa bilakatu zela.
A-636 errepidea 19.000 ibilgailuk erabiltzen dute egunero, gutxi gorabehera, Gipuzkoako Foru Aldundiaren datuen arabera. Inguruko herritarrek diote ordainpekoa denetik errepide zaharreko jarioa handiagoa dela eta arriskutsuagoa bilakatu dela.

Arkuko kableak, moztuta eta lurrean botata













